Kutxazain berria erabilera errazekoa eta intuitiboa da, eta HAZeko instalazioen erabilera-ordutegi bera izango du, astelehenetik barikura, 8:00etatik 14:00etara. Beste abantaila batzuen artean, kutxazain horri esker herritarrek ordaintzeko dituzten moduak zabaldu eta hobetu egin dira, bulegoetan horrelako izapideak egiteko arreta presentziala eta itxaronaldiak murriztu egingo dira eta udal-sarreren kudeaketa ere optimizatu egingo da.
Daborduko makina martxan dago eta hainbat izapide egiteko aukera ematen du, hala nola errolda-ziurtagiria eskatzea edo hainbat udal-zerga ordaintzea, OHZ edo ibilgailuen gaineko zerga, besteak beste. Kutxazainak ukipen-pantaila bikoitza, txartel-irakurgailua, dokumentu-eskanerra, A4 inprimagailua, barra-kodeen irakurgailua (zergak ordaintzeko) eta abar ditu.
“Zerbitzu publikoak hobetzeko eta modernizatzeko prozesuarekin jarraitzen dugu, itxaronaldia murrizten duen gailu berri bat instalatuz. Udaletik ematen dugun urrats berri bat da, administrazioa gorliztarrengana hurbiltzen jarraitzeko. Beraz, herritarrei dei egiten diegu beren kudeaketak dispositibo berri honen bidez egin ditzaten“, adierazi du Nagore Utxupi alkateak.
Alkateak gogoratu duenez, HAZko langileek herritarrei laguntza eskainiko diete makina erabiltzeko, baita ziurtagiri elektronikorik ez duten pertsonei ere Bak-Q lortzeko.
Etorkizunean, horrelako gailu gehiago jarriko dituzte beste udal-bulego batzuetan, eta, horietan, herritarrek HAZn edo online egiten dituzten izapideak egin ahal izango dituzte.