Joan den asteko martitzenean, martxoaren 21ean, egindako osoko bilkuran, Gorlizko Udalak 2023ko udal-aurrekontuari lotutako zenbait kreditu-aldaketa onartu zituen, 856.136 euroko zenbatekoagaz.
Aldaketa horiei esker, datozen hilabeteetan Gorlizen gauzatzen ari diren edo gauzatuko diren ia dozena bat proiekturi bideragarritasuna emango zaie.
Nagore Utxupi alkateak nabarmendu duenez, aldaketetako batzuk gorliztarrek beraiek Udalari helarazitako eskaeretan edo proposamenetan dute jatorria, hala nola Ikastetxeko haur- jolasen guneko irisgarritasuna hobetzea, ikastetxeko gurasoen elkarteak eskatutako proiektua baita.
Kreditu-aldaketa horiek onartu ondoren egingo diren 11 proiektuen artean, honako hauek nabarmendu dituzte:
- Jolas eta zabu berriak jartzea Ortuarteko haur-parke estalian.
- Kultur Etxea osorik eraberritzeko obra, bai eta espaziorako altzariak erostea ere.
- Ikastetxeko guraso-elkarteak eskatuta, lauza bat jarriko da, Ikastetxeko haur- jolasgune batean irisgarritasuna hobetzeko.
- Udalerriko hainbat kale asfaltatzea.
- Saneamendu-sarearen inbentarioa egitea.
- Gabonetako argiak hobetzea.