Atletismoko lasterlekua eta futbol-zelaiak berrituko ditu Gorlizko Udalak

Nahia Martinez Gondra 2023ko api. 14a, 10:40

Egun Gorlizen dagoen atletismoko pista. © GORLIZKO UDALA

Gorlizko Udalak atzo apirilaren 13an egindako osoko bilkuran honako lan hauek esleitu zituen tokiko Udal Kirol Gunean egiteko: alde batetik, futbol 7ko eta 11ko zelaiak eraberrituko dituzte belar naturala kenduz eta artifiziala jartzeko lanak abiatuz, eta, beste aldetik, inguruko atletismo-pista birgaituko dute, eta egitura horien instalazioak berrantolatuko dituzte. Obrek sei hilabete inguru iraungo dute, eta Udalak 1.065.702 euro, gehi BEZa, bideratuko ditu hiru proiektuak gauzatzeko. Lanak 500.000 euroko diru-laguntza du Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik, Bizkaiko kirol-azpiegiturak hobetzeko programatik datorrena.

Agora Sport izango da hiru proiektuak egiteko ardura izango duen enpresa, eta kirol-instalazioak desgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarriak izateko moduan diseinatu eta eraikiko dira. Futbol 11ko zelaiaren eta atletismo-pistaren kasuan, lanak maiatzaren amaieran hasiko dituzte; futbol 7ko zelaiko obrak, berriz, ekainaren hasieran. Modu horretan, zelaietako bat amaituta egongo da denboraldia hasten denerako, aurreikusi dutenaren arabera. Jarduera-eremuaren azalera osoa 15.879,16 metro koadrokoa izango da, izan ere, futbol 7ko zelaiak 3.450,50 metro koadro izango ditu, 11ko zelaiak 7.344, eta atletismo-pistak 5.084,66.

Egin beharreko lanen artean, belar artifizialeko futbol 7ko zelaia kirol-instalazioen erdialdean kokatzen da. Zelaiko belarraren egungo egoera nahiko kaskarra da, eta, horregatik, proiektuak soropil hori osorik ordeztea aurreikusten du, bere balio-bizitzaren amaierara iritsi baita. Halaber, lan osagarri batzuk egingo dituzte instalazioaz baldintza egokietan gozatu ahal izateko. Jardueren artean, hurrengoak nabarmendu ditu Udalak: futbol-zelaiko atzeko zintarriaren eta argien zutoinen babesa hobetzea; aulkien erreforma; zelaiaren alboak errematatzea hezeguneak saihesteko; eta banda bateko horma bigungarria hobetzea.

Futbol 11ko zelaiari dagokionez, hori birgaituko dute belar naturala artifizialarengatik ordeztuz. Izan ere, gaur egun futbol-zelaia belar naturalekoa da, eta atletismoko pistako eraztunaren barruan dago. Eraberritzearen bidez, belar artifiziala duen kirol instalazio bat bilakatu dute, mantentze-lanak gutxitzeko asmoz. Esku-hartzearen xedea da 100 metro luze eta 64 metro zabal izango dituen zelai bat egitea, eta, horri, bandetan eta hondoan 1,50 metroko zabalera gehituko zaio. Era berean, aulkiak txukundu eta lixatuko dituzte, baita pintatu ere. 

Azkenik , futbol zelaiari buelta ematen dion atletismoko pista berritu gura dute. Gaur egun, atletismo-pistak asfaltozko zoladura bat eta kaleak seinaleztatzeko lerro margotuak ditu. 400 metroko atletismo-pista da, eta zortzi kale ditu guztira. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun