Adin-tarte ezberdinei zuzendutako udalekuak antolatu ditu Gorlizko Udalak

Nahia Martinez Gondra 2023ko api. 21a, 12:21

Abenturari lotutako hainbat jarduera egingo dituzte, besteak beste.

Zehazki, 3-5, 6-12 eta 13-17 urteko gazteei bideratuta egongo dira Gorlizko Udalak antolatutako udalekuak, eta izena emateko epea daborduko irekita dago, maiatzaren 5era arte. Eskabide orria Gorlizko kultur etxean aurkeztu beharko dute familiek edota Udaleko webgunean.

3-5 urteko umeentzako udalekuak ekainaren 26tik uztailaren 7ra izango dira, astelehenetik barikura. Besteak beste, ekintza ludikoak, jolasekoak, kiroletakoak, baita tailerrak ere egingo dituzte. Gorlizko ikastetxean egingo dituzte, goizeko 10:30etik 13:30era. Ludotekako ordutegia, ordea, goizeko 09:30etik 13:30era izango da. Prezio arrunta 60 eurokoa da, eta 50 eurokoa Gorlizen erroldatuta dauden umeentzako.

6-12 urte arteko umeentzako udalekuak ekainaren 26tik abuztuaren 25era izango dira, astero, astelehenetik barikura, jaiegunak barne. Hainbat ekintza egingo dituzte, hala nola uretakoak, kiroletakoak, abenturakoak, baita senderismoa eta tailerrak bezalako ekimenak ere. Ordutegia goizeko 10:30etik 14:00etara izango da, eta aukerakoa izango da ludoteka zerbitzua 09:00etatik 10:30era. Udalekuen asteko prezio arrunta 85 eurokoa izango da, eta hamabostaldia, 125 eurokoa. Gorlizen erroldatuta dauden umeentzako astea 60 euro izango dira, eta hamabostaldia 100 euro. Ludotekaren kasuan, asteko prezio arrunta 35 eurokoa izango da, eta Gorlizen erroldatutako umeentzako 24 euro izango dira.

Azkenik, 13-17 urte tarteko gazteei zuzendutako udalekuak ekainaren 26tik abuztuaren 7ra izango dira. Ekintzak uretakoak, kiroletakoak, eta abenturakoak izango dira, eta, horietaz gainera, ibilbideak eta tailerrak ere egingo dituzte. Ordutegiari dagokionez, arrastiko 15:30etik 19:00etara izango dira udalekuak. Prezio arrunta 65 eurokoa da, eta 45 eurokoa Gorlizen erroldatuta dauden umeentzako. Gainera, gazte txartela aurkeztuz gero, % 10eko deskontua izango dute umeek.

Horrez gain, familia ugaria duten umeek % 15eko deskontua izango dute hiru udalekuetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun