Gorlizko ehun ekonomikoa hauspotzeko bi laguntza-programa abiatuko ditu tokiko Udalak

Nahia Martinez Gondra 2023ko api. 28a, 11:44

Gorlizko udaletxea.© GORLIZKO UDALA

Gorlizko Udalak 50.000 euro bideratuko ditu bi laguntza-programa abian jartzeko: batetik, jarduera ekonomiko berriak irekitzea sustatuko du (20.000 euro), eta, bestetik, lehendik dauden edo sortu berri diren negozioetarako berrikuntza- eta garapen-proiektuak finantzatuko ditu (30.000 euro). Bi laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea daborduko zabalik dago eta azaroaren 15era arte egongo da irekita. Hala, eskaerak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira, Udaleko HAZen erregistratuta edo telematikoki, izapideen atalean, esteka honetan.

Alde batetik, jarduera ekonomiko berriak irekitzea sustatzeko laguntza 20.000 eurokoa izango da, eta helburu nagusia da Gorliz dinamizatzea, beheko solairuko edo erdisotoko hiri-lurzoruan dauden eta erabiltzen ez diren lokalak alokatzeko diru-laguntzak emanez. Horregaz, sustatu gura dute Gorlizen hutsik dauden lokalei balioa ematea.

Diru-laguntza hori jaso gura dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte: enpresa txikiak, autonomoak eta ondasun-erkidegoak izatea, baldin eta Gorlizen negozio berri gisa ezartzen badira edo jarduera herrira ekartzen badute; eta jarduera egiteko establezimendua Gorlizen egotea. 

Beste aldetik, berrikuntza eta garapen proiektuak finantzatzeko laguntza 30.000 eurokoa izango da eta lehendik dauden negozioetarako eta sortu berri direnetarako zuzenduta egongo da. Laguntza-ildo horren helburu nagusia da tokiko ekonomia garatzen laguntzea, ekonomia suspertzea eta Gorlizen enplegua sortzea. Diru-laguntza horiek lehendik dauden eta sortu berri diren enpresetan berrikuntza- eta  garapen-proiektuak sortzera bideratuta egongo dira, eta, horretarako, horiek ezartzeko beharrezkoak diren kostuak diruz lagunduko dituzte. 

Diru-laguntza jaso gura duten onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte: lantokiak, lokalak edo negozioak Gorlizko udalerriko beheko solairuan edo hiri-lurzoruko erdisotoan egon beharko du, eta egoitza soziala eta fiskala, berriz, EJZn eta gizarte-segurantzari dagokion araubidean alta emanda, gutxienez, 24 hilabetez jarduerari eutsita; onuradunak ez dira zigor administratiboa edo penala betetzen egongo sexuaren ziozko bereizketagatik, eta ez dute zigortuta egon behar Emakumeen  eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide; Gorlizko Udalagaz eta Ogasunagaz zerga betebeharrak egunean izan behar dituzte, baita Gizarte Segurantzarekikoek ere; onuradunek aurkeztu beharko dituzte memoria bat, planoa edo diruz lagundu beharreko proiektua; eta, bukatzeko, gastua 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era egin beharko dute.

Bi laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko eta azaroaren 15era arte egongo da irekita. Eskaerak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira,  Udaleko HAZen erregistratuta edo telematikoki, izapideen atalean, esteka honetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun