Udal-iturriek azaldu dutenez, lehenengo bileran, auzoko bizilagunei proiektuaren berri emango zaie, besteak beste, Itsasbide kalean oinezkoei lehentasuna emateko “semipeatonalizazioaren” ingurukoa. Hitzordu horretan, urbanizazio-eremuko eta inguruetako infografiak egongo dira ikusgai; era berean, herrikideek haien iradokizunak partekatu ahal izango dituztela azpimarratu dute arduradunek. “Azken iritziak eta balorazioak jasoko dira, udal-teknikariekin batera aztertu ondoren, proiektu integrala behin betiko idazteko balioko dutenak”.
Martitzenean, hilaren 9an, bigarren bilera bat egingo dute, aurrekoaren ordu eta leku berean, azken proiektua jendaurrean aurkezteko asmoz. Horretan, ordezkari politiko eta teknikoen eskutik, zer, zergatik eta nola onartuko den azalduko dute.
Daborduko aurreproiektua jendaurrean dago ikusgai Sertutxena eraikinean bertan, beiratean. Gainera, iradokizunen postontzia jarri dute, herritarrek ekarpenak egin ahal izan ditzaten.
"Iruzurra" salatu dute
Egunotako bileren harira, Gorlizko EH Bilduk EAJren "iruzurra" salatu du, egindako hitzorduak "ilegalak" direlakoan. Ildo horretan, azpimarratu dute proiektua ez dela parte-hartzailea izango, proiektua daborduko itxita dagoelako: "Proiektua itxita dago, asteartean behin betikoa aurkeztuko dute".
Horregatik guztiagatik, koalizio abertzaleak solasaldia deitu du hilaren 11rako, parte-hartze prozesuak nola egin eta kasu praktikoak aurkezteko.