Bilboko itsasadarrean txapelketako sei edizio jarraian egin ondoren, eta uraren analisiengatik 2017ko atzerapena gertatu ondoren, zeharkaldia Plentziako itsasadarrean egin zen 2018an. Iraganean, bertan ere egin zen bost urtez: 2006tik 2010era arte. Aurten, ordea, Gorlizko badiara itzuliko da lehiaketa, iaz legez.
Aurtengo igeri zeharkaldiko ibilbidea Gorlizko hondartzatik abiatuko da, Plentziako itsas estaziotik gertu, Barrikako Muriola hondartzaren parean egongo den lehen buiara arte. Gero, parte-hartzaileak bigarren buiara joan beharko dira, itsaso zabalean aurkituko dena. Buia horretan buelta eman ondoren, Astondoko kaiaren parean dagoen hirugarren buiara joan beharko dute. Puntu horretatik hondartzara itzuli beharko dira eta bertan egongo da ibilbidearen helmuga. Hala, guztira, 2.800 metroko zeharkaldia osatuko dute.
Gainera, aurtengo edizioan, 1.500 metroko proba berri bat egongo da: distantzia laburreko zeharkaldia. Proba horretako ibilbidea Muriola hondartzarako bidearen erdian bukatuko da, Astondorantz biratuta, eta, bertan, beste buia batean biratu beharko dute igerilariek hondartza inguruan dagoen helmugara heltzeko.
Parte-hartzaile guztiek gehienez ordubete eta 20 minutu izango dituzte helmugara iristeko. Izen-ematea Club Deportivo Bilbao-ren web orrian egingo da edota hurrengo plataforman. Izena emateko azken eguna maiatzaren 23an, martitzenean, izango da.