Uztailaren 7, 8 eta 9an

Dastatuarte jaialdiaren 4. edizioak artea eta gastronomia batuko ditu 50 jarduera ingurugaz

Nahia Martinez Gondra 2023ko eka. 26a, 10:42

Gorlizko Ekaitz Pau alkatea aurtengo Dastatuarte jaialdiko kartelagaz. © GORLIZKO UDALA

Aurtengo jaialdia uztailaren 7, 8 eta 9an izango da udalerriko hainbat eremutan eta Gorlizko kaleak beteko dira pintxoz, janari-trukez, postu gastronomiko eta artisauez, tailerrez, antzerkiz, zuzeneko musikaz, dastaketez, erakusketez eta jende guztiarentzako ekintza ugariz. Jarduera horietako batzuez disfrutatzeko aldez aurretik izena eman behar da Gorlizko Turismo Bulegoan, 946 774 348 telefonora deituz edo info@visitgorliz.eus posta elektronikoaren bidez. Programazio eta informazio osoa hemen.

Aurtengoa Dastatuarte jaialdiaren 4. edizioa izango da eta gastronomia zein arte arloko ia berrogeita hamar jarduerez osatutako egitarauagaz dator. Gorlizko Udalak antolatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean, aurtengo jaialdia uztailaren 7an, 8an eta 9an izango da eta udalerriko bost eremutan egingo dituzte ekintzak: Eleiz Plaza, San Pedro Plaza, Ibarreta Plaza, Ondargana Kanpa eta Sertutxena. Jaialdiaren helburua da herria dinamizatzea, gorliztarrak, inguruko bisitariak zein turistak erakartzea, baita egun horietan Gorliztik igaroko diren pertsona guztiei kalitatezko proposamen bat eskaintzea ere.

Gorlizko alkate den Ekaitz Pauk adierazi duenez ardura handiko ekimena da Dastatuarte jaialdia: "Udalak urtero antolatzen duen ekimen garrantzitsu eta politenetako bat da. Hiru egun izango dira kulturaz, musikaz, antzerkiaz, magiaz, pinturaz, literaturaz eta, nola ez, gure gastronomiaz gozatzeko. Beraz, herritarrak gonbidatzen ditut Gorlizko artea disfrutatzera eta dastatzera, eta gorliztarren gozamenerako bereziki prestatu den jai handi honetan parte hartzera".

Aurtengo edizioko plater nagusietakoa izango da pintxo lehiaketa: Gorliztarrek beste horrenbeste tabernatako hamar bat pintxo dastatu ahal izango dituzte, modu horretan, pintxo-bonua zigilatu eta sarien zozketan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, parte hartzen duten establezimenduetako ontzietan utzi beharko da bonua. Parte hartzeko epea uztailaren 9ko 16:00ak arte egongo da zabalik. Halaber, jaialdiaren egunetarako, Gorlizko hiru ostalaritza-establezimenduk hiru proposamen zoragarri eskainiko dituzte. Hainbat janari-trukek gourmet produktuak ere eskainiko dituzte: itsaski eta iberikoak, gourmet hanburgesak, saltxitxa ogitartekoak, taloa eta Gorlizko garagardo artisanala. Horrez gain,  herriak eta jaialdiak bere izaera solidarioa erakutsiko du aurten ere: ASEBIER Euskadiko Gaixotasun Arraroen Elkartearen (EBH) alde Elizaren Plazan paella solidario egingo dute uztailaren 9an, domekan, 14:00etan. 

Gainera, jaialdian kulturaz gozatzeko planak ere egongo dira, horietako asko aire zabalean. Uztailaren 7an, barikua, hasiko da jaia, 20:00etan, Disko Festa SOUNDen kalejiragaz. Bertan, Attitude Dantza Eskolak prestatutako koreografia batek Ibarreta Plazatik Elizako Plazara animatuko ditu parte hartzaileak. Gainera, beste jarduera askoren artean, Perro Loco taldeak kontzertua eskainiko du 20:00etan, Elizako Plazan. Bertako karpan magia eta mentalismo ikuskizuna ere izango da, Max Verdiéren eskutik.

Uztailaren 8an, zapatua, Ondargana Kanpan lehiaketan parte hartu duen pintxoetako bat egiteko tailerraz gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek (12:30ean). San Pedro Plazak kanape tailer bat egingo du (12:30ean), eta ArteGunean eta GastroGunean zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Arratsaldean, besteak beste, Oliber Magoak magia tailerra eskainiko du Ondargana Kanpan (19:00etan) eta Ibarreta Plazan munduko dantza ikuskizuna (19:30ean) egingo dute. Juanjo Albiñana umorista ere arituko da 22:00etatik aurrera Elizako Plazan bakarrizketa bategaz. Hirugarren eta azken egunean, uztailaren 9an, domekan, Elizako Plazako paella solidarioaz gain, San Pedro Plazan arte tailerrak egingo dituzte (12:00etan), Sertutxenan literatura dastaketa bat egingo dute (12:30ean), eta Elizako Plazan bingo musikala (14:30ean).

Arratsaldean, Ibarreta Plazan antzerki emanaldi bat programatu dute Mr Fracken eskutik (18:30ean) eta Elizako Plazan talo eta salmenta tailer bat, janari-truke ezberdinak, garagardo artisanala eta antzerki saio bat egingo dituzte, Beatriz Larrañagaren “Soy la bomba" (20:30ean).

Gainera, hiru egunetan zehar erakusketa ugariz gozatzeko aukera izango dute gorliztarrek zein bisitariek. Azkenik, uztailaren 10ean, Sertutxenan, pintxoaren irabazlea eta pintxoen lehiaketan parte hartzen duten establezimenduetako hautetsontzietan utzitako pintxo-bonoen arteko zozketak iragarriko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun