Udalak gorliztarrak inplikatu gura ditu herria hobetzeko erabakietan

Ander Zarraga 2023ko uzt. 27a, 09:13

Gorlizko gobernu-talde berriak 2024ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesua aurkeztu du, eta horretarako 50.000 euro bideratuko dituela iragarri du. Herritarrek eta erakunde zein enpresek abuztuaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beraien proposamenak. 

Gorliztarrek beraien proposamenak aurkezteko epea daborduko irekita dago eta bost fasetan banatuko dutela azaldu dute udal-iturriek. Herritarren ideiak batzeko lehen fasea abuztuaren 16ra arte egongo da zabalik, eta horretan udalerriarentzako interes orokorreko proposamen garrantzitsuak aurkeztu ahal izango dituzte. 

Proposamen horiek udalerriari, auzoei edo hurrengo bost gai-eremuei lotuta egon beharko dira, betiere udal-eskumenaren barruan eta oinarrietan zehaztutako baldintzak betez: gizarte-ongizatea eta adineko pertsonak, hiri-ingurunea eta mugikortasun jasangarria, kultura eta kirola, gazteak eta umeak eta ekonomiaren sustapena (merkataritza, ostalaritza, turismoa, enplegua eta prestakuntza). Proposamen horiek ezin izango dute, banaka, 15.000 euro baino gehiagoko kostua izan, BEZa barne.

Lehen fasean, proposamenak horretarako diseinatutako inprimakia betez aurkeztu beharko dira. Horiek Udalaren webgunearen edo Gorlizko Udalaren HAZeko sarrera-erregistroaren bitartez eman ahalko dira, telematikoki edo aurrez aurre. Azken kasu horretan, pertsona fisikoek bakarrik egin ahal izango dute telematikoki.

Proposamenak aurkez ditzakete Gorlizen erroldatuko 16 urtetik gorako herritarrek, udal-erregistroan inskribatutako Gorlizko edozein erakundek eta Gorlizen helbide soziala edo establezimendu iraunkorra duen edozein elkarte, fundazio, sindikatu, enpresaburuen elkarte, elkargo profesional, zuzenbide publikoko korporazio edo bestelako erakunde mota.

Hurrengo faseak

Prozesuaren bigarren fasean, jasotako, egokitutako eta onartutako proposamenak udal-webgunean argitaratuko dituzte. Horren ostean, hirugarren faseari ekingo diote eta proposamenak teknikoki eta juridikoki baloratu ondoren, hainbat zehaztapenen arabera sailkatuta ideiak aurrekontuetan sartzea baloratuko dute.

Laugarren fasean, aurreko urratsetako emaitzak itzuliko dituzte eta herritarrek proposamenak bozkatzeko aukera izango dute; horretarako, 16 urtetik gorako gorliztarrek 14 eguneko epea izango dute. Halaber, azaldu dutenez, gobernu-batzordeak, udalerrian eragin handiena duen irizpidearen arabera eta ahalik eta herritar gehienentzat onuragarriak diren proposamenak nagusituz, 2024ko aurrekontu-proiektuan hautatutako proposamenak sartzea proposatuko du.

Azkenik, bosgarren fasean onartutako proposamenak argitaratuko dituzte udalaren webgunean, eta bertan adieraziko dituzte azterketa eta balorazio tekniko eta juridikoaren fasea igaro duten proposamenak zeintzuk izan diren, baita azkenean aurrekontu-proiektuan sartu direnak ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun