Gorlizko Udalak 100.000 euro baino gehiago inbertitu ditu ikastetxeko argiztapena LED teknologiara berritzeko

Nahia Martinez Gondra 2023ko ira. 12a, 11:22

Gorlizko Udalak LED teknologia jarri du energia aurrezteko helburuagaz. © GORLIZKO UDALA

Herriko Ikastetxeko argiztapena ordezkatu eta berritu du Gorlizko Udalak helburu bikoitzagaz: eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzea eta argiztapen-instalazioa modernizatzea, era horretan, argi-kalitatea hobetuz. Udalak 105.240 euro bideratu ditu uztailean eta abuztuan zehar egin diren lanak gauzatzeko, ikasturtearen garapena oztopatu gabe. Halaber, instalazioak margotzeko lanei ere ekin diete.

Gorlizko Udalak herriko Ikastetxeko eraikin osoan banatuta dauden 550 argi inguru ordeztu ditu dagoeneko eginda zeuden zatiak izan ezik (kanpoko argiztapena eta konexioko goiko eraikina). Hala, LED teknologia jarri dute energia aurrezteko helburuagaz. Gainera, sentsorizazio-sistema bat ere ezarri dute argiztapen intentsitatearen presentzia-detektagailuen bidez kontsumoak optimizatuko dituen prozedura integratu bat osatzeko. 

Halaber, energia-kudeaketa integraleko sistema bat instalatu dute kontsumoak denbora errealean kontrolatzeko eta administratzeko, eta informazioa denbora errealean irakurtzea errazten duten sare-analizatzaileen koadroetan edukitzeko, bai eta kudeaketa-aplikazio erraz bat ere. 

Jarduera horren bidez, energia nabarmen aurreztea lortu gura dute, zehazki, % 60 ingurukoa, baita argiztapen eraginkorragoa ere, erosotasun handiagoagaz. Eraberritze programa zabalago baten bigarren fase baten kokatzen den jarduera izan da, eta, hurrengo urratsak, fatxadaren birgaitze energetikoa eta aerotermia sistema ezartzea izango dira. 

Bestalde, ikastetxeko instalazioak berritzeko eta hobetzeko lanen barruan, gela pare bat eta pasillo bat pintatzeko lanak ere egin dituzte. Aurreikusita dago datozen hilabeteetan lan horiekaz jarraitzea, asteburuetan zehar garatuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun