Gorlizko Udala uztailean bildu zen Uraren Euskal Agentziagaz (URA), udalerriko ibaien eta erreken egoera ezagutzeko. Azterketak ur fekalen maila altuagaz loturiko bi puntu kritiko azaleratu zituen. Horregatik, URAk kanpoko enpresa bati txosten oso bat egitea eskatu zion Udalak udalerriko euri uren arketak aztertzeko eta sare horren bidez ur fekalak isurtzen ari diren ezagutzeko. Izan ere, zaila da zehaztea kutsadura bakteriologiko horren jatorria soilik oinarrituta Gatzaga, Uresarantze eta Txatxarro ibaien gainean egindako ikuskapenean.
Hala, azterketa horiek abuztuaren 24an egin ziren, astebete baino gehiago prezipitaziorik gabe egon ondoren. Lortutako balioak altuak izan ziren, batez ere laginak hartu aurretik euririk egin ez zuela kontuan hartuta. Emaitzak ikusita, egiaztatu dute euri uren arketa jakin batzuek ur beltzak jaso eta isurtzen dituztela.
Udal-brigada adierazitako arketak aztertzen ari da, eta arazoa sortzen duten euri uren eta ur fekalen arteko lotura-puntu horiek detektatu ditu konponbidea emateko. Daborduko lanak hasi dituzte eta datozen asteetan zehar luzatuko dira. Nolanahi ere, Udalak aurreikusita du beste ikerketa bat egitea ikuskapen eta konponketa-fase hori amaitu ondoren: detektatutako arketetako isuriak zuzendu ondoren bokaletako emaitzek hobera egin dutela ziurtatu gura du eta, beharrezkoa izanez gero, aurkitu ez diren kutsadura-iturri berriak identifikatu.