Dastatu Urria jaialdia egingo dute Gorlizen urriaren 27tik 29ra bitartean

Nahia Martinez Gondra 2023ko urr. 5a, 15:40

Gorlizko Ibarreta Plaza herriaren erdigune gastronomiko bihurtuko da urriaren 27, 28 eta 29an Dastatu Urria jaialdiagaz: eskualdeko garagardo artesanalak ezagutzeko aukera paregabea izango da perretxikoak osagai nagusi dituzten pintxoak dastatzen diren bitartean. Ohikoa denez, udagoienaren etorrerak mota horretako onddoa biltzeko sasoiaren hasiera markatzen du, eta  hori aprobetxatuz, Udalak hiru egunetan zehar garatzen den programazio oparoa antolatu du.

Perretxikoak funtsezko produktu gisa dituen pintxo lehiaketa batean parte hartuko dute udalerriko ostalariek. Aldi berean, argazki txapelketa bat ere antolatu dute, perretxikoak eta horiekaz lotutako jarduerak gai nagusitzat hartuta. Aisialdi eskaintza aberasteko artisau garagardoa egiten duten tokiko enpresak izango dira plazan beraien produktuak ezagutzera emateko eta saltzeko: Tito Blas Brewing CO eta Etxeandia Garagardotegia. Gainera, parte-hartzaileek dastaketa ezberdinetan izena emateko aukera izango dute. Halaber, food-track bat ere egongo da, kasu honetan, Salchichauto by JamonOstrucken eskutik.

Barikuan, hilaren 27an, eta zapatuan, hilaren 28an, kontzertu banagaz amaituko dute festa. Tucson Band-aren barikuko emanaldiaren aurretik, Sol Magunak eta Amaia Arkotxak umorezko bakarrizketak eskainiko dituzte. Larunbatean Mrs Klam-en txanda izango da, baina aurretik, Aritza Bergara idazlearen euskal mitologiari buruzko hitzaldia eta PG Kuadrillak antolatutako bafle poteoa izango dira. Dj Urbi  arduratuko da musika ipintzeaz kontzertuaren aurretik eta ondoren.

Zapatu goizean, hilaren 28an, irteera antolatu dute Murgiara, Gorbeiaren magalean perretxikoak biltzeko paradisuetako batera. Eta domekan, hilaren 29an, jaietako ekitaldi nagusia iritsiko da, "Gorlizko XX. Mikologia Jardunaldiak: Perretxiko eta mahai didaktikoen erakusketa", Kinpulene Eskubaloi Taldearen lankidetzagaz. Eguerdian, showcooking bat egongo da Ana Caro Salasen eskutik, eta aurretik madalena-tailer bat egongo da, Los Urris elkarteak antolatua.

Adin txikikoek ere euren lekua izango dute, Udazken gozoa izeneko tailerragaz. Egitarau mamitsu honi argazki mikologikoen lehiaketako sari banaketagaz emango zaio amaiera. Parte hartu gura dutenek urriaren 20tik 27ra bidali beharko dituzte argazkiak info@visitgorliz.eus helbidera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun