Perretxikoak funtsezko produktu gisa dituen pintxo lehiaketa batean parte hartuko dute udalerriko ostalariek. Aldi berean, argazki txapelketa bat ere antolatu dute, perretxikoak eta horiekaz lotutako jarduerak gai nagusitzat hartuta. Aisialdi eskaintza aberasteko artisau garagardoa egiten duten tokiko enpresak izango dira plazan beraien produktuak ezagutzera emateko eta saltzeko: Tito Blas Brewing CO eta Etxeandia Garagardotegia. Gainera, parte-hartzaileek dastaketa ezberdinetan izena emateko aukera izango dute. Halaber, food-track bat ere egongo da, kasu honetan, Salchichauto by JamonOstrucken eskutik.
Barikuan, hilaren 27an, eta zapatuan, hilaren 28an, kontzertu banagaz amaituko dute festa. Tucson Band-aren barikuko emanaldiaren aurretik, Sol Magunak eta Amaia Arkotxak umorezko bakarrizketak eskainiko dituzte. Zapatuan, Mrs Klam-en txanda izango da, baina aurretik, Aritza Bergara idazlearen euskal mitologiari buruzko hitzaldia eta PG Kuadrillak antolatutako bafle poteoa izango dira. Dj Urbi arduratuko da musika ipintzeaz kontzertuaren aurretik eta ondoren.
Gainera, zapatu goizean, hilaren 28an, irteera antolatu dute Murgiara, Gorbeiaren magalean perretxikoak biltzeko paradisuetako batera. Eta domekan, hilaren 29an, jaietako ekitaldi nagusia iritsiko da, Gorlizko XX. Mikologia Jardunaldiak: Perretxiko eta mahai didaktikoen erakusketa, Kinpulene Eskubaloi Taldearen lankidetzagaz. Eguerdian, showcooking bat egongo da Ana Caro Salasen eskutik, eta aurretik madalena-tailer bat egongo da, Los Urris elkarteak antolatua.
Adin txikikoek ere euren lekua izango dute, Udazken gozoa izeneko tailerragaz. Egitarau mamitsu honi argazki mikologikoen lehiaketako sari banaketagaz emango zaio amaiera. Parte hartu gura dutenek urriaren 20tik 27ra bidali beharko dituzte argazkiak info@visitgorliz.eus helbidera.