Biodibertsitatean eta paisaian kalterik ez eragiteko eta Uribe Kostako gune babestuetan kolonizazioa eragozteko, Uribe Kostako Mankomunitateak panpa lezka landarea kentzeko proiektu bat jarri zuen abian. Panpa belarra espezie inbaditzaileen katalogoan jasotako espezie bat da, eta hemengo latitudeari dagozkion landare eta zuhaitz haztea zailtzen du. Lurzatian landare exotiko hori egonez gero, nahitaezkoa da hura kontrolatzeko eta ahalik eta azkarren ezabatzeko beharrezko neurriak hartzea, oso erraz zabaltzen baita.
Panpa lezka landareak kentzeko aholkuak hurrengoak dira: eskularruak erabiltzea (hostoek moztu egiten dute); ale gazteak eskuz ateratzea (lurra bustita dagoenean edo aurretik ureztatuta); tamaina erdiko landareak kentzeko aitzurra erabiltzea; mototsak agertu bezain laster moztea eta poltsa itxi batean gordetzea, haziak sakabanatu ez daitezen (ez astindu landarea) eta sustraiak aitzurragaz atera zatirik ez uzteko arretaz -pisu handia badu, sustraiak gora begira utzi lehortu arte-.