Hasieran, lanez aldatzea erabaki zuenean, motozaleentzako bere arropa-marka propioa sortzea eta bere kabuz ekipamendua ekoizteari ekin ziola azaldu du Albarranek: "Mundu guztiarentzako eskuragarria izango zen arropa-marka bat sortzen saiatu nintzen". Tamalez, azkenean, egitasmoa alboratu behar izan zuen, ekipamenduaren ekoizpena oso garestia zelako eta ez zuelako beste markakaz lehiatzeko aukerarik. Hortik aurrera, motozale bezala ezagutzen eta erabiltzen zituen markak saltzen hasi zela kontatu du: "Gurea bezalako klima heze eta hotz baterako hobeto egokitzen diren markak ekartzen hasi nintzen, eta hor jaio zen denda eta tailerra irekitzearen ideia".
Besteak beste, daukaten ekipamendu- eta marka-aukera zabalari esker bezero mota bakoitzaren beharren araberako materiala dutela dio Albarrenek. "Tailatzeko arazoak izan ditzaketen pertsonentzako taila bereziak ere baditugu, txikienetatik handienetaraino, eta kaskoakaz asmatzea ere ez da erraza; gainera, orain dela gutxi eguneratu dute araudia, beraz, bezero bakoitzaren morfologiara moldatzen saiatzen gara", azaldu du Albarranek. Hainbat marketako motor ezberdinak ere saltzen dituzten, eta tailerra badaukate markentzako zerbitzu ofizialagaz: Royal Enfield, Kymco, Moto Morini eta UM Motorcycles, besteak beste.
Gorlizko eta Bizkaia osoko bezeroez gain, Burgosetik, Nafarroatik edo Arabatik ere etortzen zaizkien bezeroak dituzte, horietako asko denda ireki zutenetik. "Marka nahiko bereziak ditugu, adibidez, Halvarssons, motorrerako arropak egiten hasi zen lehenak, guk asko estimatzen duguna eta Espainia osotik egiten dizkigute horrentzako eskariak", azaldu du. Horrez gain, tailerrera joaten zaizkien bezeroek tratua eta ematen duten zerbitzua baloratzen dutela dio: "Etortzen zaizkigun motozaleek kalitatezko materialak erabiltzea begiratzen dute; bezeroakaz zintzoak izan behar gara eta daukaten beharrizanen araberako produktua eskaintzen diegu".
Azaldu duenez, Interneten hainbat saltoki daude produktuak merkeago saldu ditzaketenak, "baina horietako askoren atzean inbertsio-funtsak daude, ez motozaleak, beraz, berdin zaie guretzako ezinezkoak diren irabazi-marjinak izatea". Horren aurrean, tokiko merkatarien alde egin behar dela dio berak: "Hona bazatoz, daukaguna probatu dezakezu, aholkatuko zaitugu eta merkatari txikiak babestuko dituzu; azkenean, denok Interneteko atari handi horietan erosten badugu ez da herriko komertzioentzako etorkizunik egongo".