Parkeak 485 metro karratuko azalera du guztira eta erdia aldez aurretik instalatutako estalki batek babesten du. Proiektuan aurreikusita zegoen bezala, aisialdirako eremu berriaren zati handi bat estalkian bertan barneratu da, estetika kaltetu gabe, eta joko-intentsitate desberdineko bi gunetan banatu dute: zati bat "lasaiagoa" da, 5 urtetik beherakoentzat; bestea, berriz, "aktiboagoa", 14 urtera artekoentzat egokia dena. Era berean, estalkiaren kanpoalde guztia "eremu aktiboa“ da ere.
Diseinuak, oro har, itsas mundua islatzea du helburu, eta itsasoko olatuak imitatzen dituzten erliebeak sortuko dira. Burbuila-etxolak, kai-ponpak, arrantza-sarea, oreka-sokak, eskalada-eremua, txirrista, zabuak eta arrantzatzeko kanaberak izango dira jokoetako batzuk, besteak beste. Horiek aukeratzeko orduan irisgarritasun-irizpideak hartu dira kontuan, baita urbanizazio bat hurbil egotea ere.
Gorlizko alkatea den Ekaitz Pauren esanetan, Udalak udalerria eraldatzen jarraitzen du, familiei parke berri hau bezalako zerbitzu eta gune hobeak eskainiz: "Ildo horretan lanean jarraituko dugu, gure txikien dibertsiorako kalitatezko espazioak eskaintzeko".