Gorlizko kirol kluben eta erakundeen egunerako ekintza ugari antolatu dituzte. Hasteko, hiru erakustaldi egingo dituzte: aikido, boxeo eta karate erakustaldiak, 10:00etatik 13:45era. Gainera, edozein herritarrek kirola egin dezake antolatu dituzten saioetan, adibidez, futbolean, atletismoan, btt-an, tenisean, saskibaloian, skatean, parkourrean, etab. Programazio osoa, hemen.
Kirolzale amorratuenentzako ekintza gehiago egongo dira, izan ere, Gau Martxa antolatu dute 21:30ean. 8,5 kilometroko ibilbidea egingo dute Gorlizko Elizako plazatik hasita eta amaieran txokolatada egongo da partaide guztientzako. Zailtasuna ertaina izango da. Antolatzaileek nabarmendu dute beharrezkoa dela txalekoa eta frontala eramatea, eta gehienez, 150 lagun apuntatu daitezke.
Horrenbestez, beharrezkoa da izena ematea parkour eta Gau Martxan, Gorlizko Kiroldegian, 10:00etatik 13:00etara edo 17:00etatik 21:00etara. Epea zabalik dago ekainaren 14era arte.