Gorlizko Ospitaleak robot teknologiko bat txertatu du kalte neurologikoa jasan duten pazienteak tratatzeko

Hodei Torres · Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 18a, 15:05

Gorlizko Ospitaleak punta-puntako Lokomat izeneko robot teknologiko bat sartu du bere tratamenduen barruan. Gailua diseinatuta dago iktus baten edo ibilerari eragiten dioten beste prozesu batzuen ondorioz kalte neurologikoa jasan duten pazienteak tratatzeko. Hala, sendatzeko aukerak dituzten lagunen errehabilitazio funtzionaletan erabiliko dute gailua. EAE osoan dagoen lehenengo Lokomat robota da Gorlizkoa, eta Osakidetzak guztira 630.000 euroko inbertsioa egin du horretan.

Ibileraren entrenamendu errepikakorraren bidez, hobekuntza nabarmenak ahalbidetzen ditu Lokomatek kalte neurologikoa duten pertsonengan, adibidez, iktus bat jasan duten pazienteetan. Gorlizko Ospitalea erreferentea da Bizkaian errehabilitazio neurologikoen arloan, horregatik, bertan txertatu du Osakidetzak eskuratutako lehen gailua.

Lokomaten sistema robotikoak pazientea gidatzea ahalbidetzen du. Modu horretan, ibilera-patroi fisiologiko bat denbora luzeagoan erreproduzitzen du, errepikapen ugari egiteko aukeragaz. Hori da, hain zuzen, nerbio-sistemak mugimendua behar bezala ikasteko behar duena. "Kalte neurologikoaren ondorioz mugikortasuna galdu duten pazienteak dira, baina entrenamenduarekin mugikortasuna berreskuratzeko aukera dute, partzialki behintzat. Horretarako, ibiltzen irakatsi behar zaie berriro, mugimendu hori behin eta berriz errepikatuz", azaldu du Gorlizko Ospitaleko zuzendari kudeatzailea den Carmen Rodriguezek.

Hala, gailu berri horregaz tratatuko diren pazienteen artean daude iktusa edo istripu zerebrobaskularra izan dutenak, eta, ondorioz, ibilera asaldatuta izan dutenak. Iktusa garunaren zati bateko odol-fluxua eteten edo murrizten denean gertatzen da, garun-ehunari oxigenoa eta funtsezko nutrienteak kenduta. Gorlizko Ospitaleko adituek azaldu bezala, iktusa Espainiar Estatuko bigarren heriotza-kausa da, eta maizago gertatzen da emakumeen artean. Gainera, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, desgaitasun fisikoaren lehen arrazoia da helduengan, eta bigarrena, dementzian.

Lokomat gailuak martxa robotizatuko ortesi bat (kanpoko gailua) eta gorputz-pisua deskargatzeko sistema moderno bat ditu, zinta gurpildun bategaz konbinatuta eta errealitate birtualeko pantaila bati lotuta. Horrek guztiak ibileraren entrenamendu errepikakorra eta fisiologikoa ahalbidetzen ditu. Halaber, alterazio neurologiko larriak edo moderatuak dituzten pazienteei dago bideratuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun