Dastatuarte

Gastronomiak eta kulturak bat egingo dute Gorlizen uztailaren 5etik 7ra

Ander Zarraga 2024ko eka. 19a, 15:49

Dastatuarte jaialdiaren egitaraua aurkeztu dute Ekaitz Pau Gorlizko alkateak, Nerea Goiri turismo teknikariak eta New Taberneko Gorka Corralek.

50 jarduera inguru dakartza aurtengo Dastatuarte Food & Art jaialdiak Gorlizera. Uztaileko lehen aste-akabuan, zuzeneko ikuskizunak, azoka, eskaintza gastronomiko zabala eta adin guztietako publikoarentzako jarduerak egingo dituzte udalerriko kaleetan. 

Gorlizen erabat errotuta dagoen jaialdi gastronomiko eta kulturalaren bosgarren edizioa egingo dute uztailaren 5etik 7ra. Hiru egunez herriko kaleak pintxoz, foodtruckez, artisauez, tailerrez, antzerkiz, zuzeneko musikaz eta beste hainbat ekintzez beteko dituzte. Nerea Goiri turismo teknikariak azaldu duenez, Gorlizko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatzen duen jaialdi honen helburua da gorliztarrei kalitatezko proposamen bat eskaintzea, herria dinamizatzea eta turistak eta bisitariak erakartzea.

Horretarako, herriko bost gunetan antolatuko dituzte ekintzak: eliz plazan, San Pedro plazan, Ibarreta plazan, Ondargana kanpan eta Sertutxenan. Horrez gain, herriko tabernak ere izango dira jaialdiko protagonistak, urteroko pintxo-lehiaketa ospetsua ere errepikatuko baitute. Hala, mokadutxo onena nork egingo duen lehiatzen arituko dira Portalena, Argietxe, New Tabern, Okela, Olaxka, Jubis Gorliz, Bizkarletti, Txispas, Iberre eta Jamonostruck.

Dastatuarte jaialdirako berariaz sortutako pintxoak 1,20 euroko prezio salduko dituzte, eta herritarrek horiek epaitu ahal izango dituzte, tabernetan emango dizkieten pintxo-txartelen bidez. Pintxo bakoitzeko zigilu bat jasoko dute, eta lehiaketan parte hartzen duten tabernetan egongo diren postontzietan utzi ahal izango dituzte txartelak, pintxorik onena aukeratzeko, baita jaialdian zehar izango diren zozketetan parte hartzeko ere.

Iazko txapelketa irabazi zuen New Taberneko Gorka Corralek gogoratu duenez, iaz 1.500 pintxo egin zituzten, eta aurten 2.000 ingurura heltzea aurreikusten du; izan ere, urtez urte hazten ari den jaialdi batez ari garela azpimarratu du: "Iazkoa pasada bat izan zen, urtero gero eta jende gehiago dator eta jaietan baino mugimendu gehiago egon ohi da".

Helburu solidarioa

Aurtengo jaialdiak helburu solidarioa ere izango du gainera, uztailaren 7an, 14:00etan, Autismo Euskadiren aldeko paella solidarioa egingo baitute. Hala, autismoa duten pertsonek eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko bilatzen duen elkartearentzako izango da batzen den dirua.

Hala ere, horren aurretikbeste hainbat ekintza ere egingo dituzte; adibidez, hiru egunetan Itsasbide kalean 40 postu egongo dira artisauen produktuakaz; barikuan, El Improviso taldea arituko da eta Santi Marcillak magia eta ilusio ikuskizuna eskainiko du; zapatuan, Gorlizko Traste Gelak gitarra eta ahots kontzertua eskainiko du, Izarren hartza antzezlana egongo da eta Gorlizko Lirain abesbatzaren emanaldia ere egongo da; azkenik, domekan, gastronomiak protagonismoa bereganatuko du, besteak beste, Elena Urigüenek gidatutako saioagaz eta sukaldaritza-esperientzia berritzaileakaz.

Horregaz batera, Dastatuarteko hiru egunetan, Sertutxenak erakusketa bi hartuko ditu. Alde batetik, Los Califri y Fricalis, Kultur Etxeko Zeramika-Eskulanak-Modelaketa ikastaroko ikasleen obrak izango dira ikusgai. Eta bestetik, Gorlizko Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleek kartoiz eta paperez egindako maketak. Frontoian, Denok desberdinak eskubide berdinak izenburupean, Haur Hezkuntzako umeek egindako lanak ikusi
ahal izango dira.

Izena ematea

Egitarauko jarduera batzuez disfrutatzeko aldez aurretik izena eman beharko da Gorlizko turismo bulegoan (Eloisa Artaza 1), 946 774 348 telefonora deituz edo info@visitgorliz.eus posta elektronikoaren bidez. Bulegoa egunero dago zabalik 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Halaber, informazio guztia dago eskuragarri Dastatuarteren webgunean ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun