Aurten ez dute Gorlizko Mendibike Martxa egingo, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena lortzeko eragozpenak direla eta

Nahia Martinez Gondra 2024ko uzt. 4a, 12:00

31 urtez antolatu dute lasterketa.

1992. urtetik MTB Gorliz antolatzen duen Mendibike Elkarteak jakinarazi du aurten ez dela txapelketarik egongo. Arrazoia da eragozpenak izan dituztela Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren baimena lortzeko: "Ez dugu aurkitu MTBren benetako martxarako balio duen ibilbide alternatiborik".

Onartu dutenez, martxa aurten ez egitearen erabakia euren "gogoz kontra" hartu dute. Azaldu dute edizio guztietan egiten den ibilbideari oztopoak jartzearen ondorioa dela, nahiz eta euren ustez, probak ez duen eragin negatiborik sortzen ingurunean.

Hala, nabarmendu dute mendiko bideak mendizaleek eta txirrindulariek gozatzeko izan behar dutela, eta elkartekideak direla, hain zuzen ere, "urtero eta proba egin aurretik, bidezidorrak garbitzen eta kentzen dituztenak".

"Asko sentituz eta tristuraz, Gorlizek galdu egingo du mountain bikeko ekitaldi erreferente bat, 500 parte-hartzaile inguru biltzen zituenak, Aldundiaren ikuspegi estuagatik eta beste erakunde batzuen inplikazio ezagatik", deitoratu dute.

Gainera, seinalatu dute probaren ustezko eragin negatiboetan jarri dutela arreta eta ez onura nabarmenetan. "Mendibike Elkarteak parte-hartzaileen guztizko kopurua mugatu du eta sustatzen ditu kirola eta bizimodu aktiboa, bidezidorrak mantentzen ditu, tokiko turismoa eta ostalaritza bultzatu...".

Hala ere, adierazi dute elkartetik jarduerak, irteerak eta topaguneak antolatzen eta planifikatzen jarraituko dituztela, "betiere mountain bikea bultzatuz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun