Herrigintzaz eta inplikazioz eraikitako jaiak dira Gorlizko santiagoak!

Nahia Martinez Gondra 2024ko uzt. 22a, 09:00

Urtero legez, Gorliz bere jai intentsuenetarako prestatuko da: Santiago jaiak. Euren egitarau oparoan edozein auzokidek bere neurrira egindako eskaintza aurkituko du, hamaika aukera daudelako festaz gozatzeko. 

Gorlizko jai-batzordeko Inmaculada Arcosek azaldu bezala, herritar gehienen desira eta gustuak bete gura izan dituzte, "publiko guztiarentzako jarduerak eta ekitaldiak antolatuz". Halaber, aurten hainbat berrikuntza daude programazioan: hasteko, txupina eta trikitilariak egunero egongo dira Santiago jaietan, "goiz-goizetik jai-giroarekin hasteko". Bestalde, Batetik bestera musika-ikuskizun familiarra txertatu dute aurtengo egitarauan, natura eta euskara lotuz. Gainera, kuadrillen lehia irabazten duen taldeak "POKAKU saria" irabaziko du. Jai-batzordeko kideek garaikurra diseinatu dute, eta lagun-talde irabazleak garaikurra eta 500 euro eskuratuko ditu. Sari hori aurreko urteko kuadrilla irabazleak aurtengoari emango dio. Hala, Arcosek gogoratu du parte hartzeko eta puntuak batzeko, jaietako lehiaketetan izena ematea beharrezkoa dela.

Era berean, jai-batzordetik adierazi dute Gorlizeko gazteria "festetarako gogo handiarekin" ikusten dutela. Halaber, pozarren ikusi dute gero eta jende gazteagoak parte hartzen duela jaietan. "Gorlizko Santiago jaiak bereziak dira kuadrillen inplikazio, parte-hartze, jaien aldeko lan eta ahaleginari esker", baieztatu du Arcosek.

Hala, gehien disfrutatzen dituzten ekintzak jaitsiera, mozorroen desfilea, playback-a, lehiaketa gastronomikoak, kontzertuak eta zezen-puzgarrien entzierroa direla azpimarratu dute. Orain, daborduko dena prest dutela, zintzoki espero dute dena ondo ateratzea: "Eguraldiak lagunduta guztiok jai seguruez gozatu ahal izatea, indarkeriarik eta inolako erasorik gabe". 

Erlazionatuak

Gorlizko Santiago jaiak

Nahia Martinez Gondra uzt 10 Gorliz

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun