Gorlizko Udala Bizkaiko Foru Aldundiagaz bilduko da herriko pinudian jazotako istiluez berba egiteko

Nahia Martinez Gondra 2024ko abu. 28a, 10:55

Gorlizko pinudia, 2021ean.

Gorlizko Udalak adierazi duenez, herriko pinudiko atsedenlekuan bizilagunen segurtasuna eta natura ingurunearen babesa arriskuan jartzen duten hainbat gertakari eta jarduera jazo dira uda honetan. Azaldu duenez, gizalegearen aurkako portaerek gora egin dute eta, ondorioz, herriko lagunek ez dute ia eremu hori erabiltzen, eta, bertan daudenean, ingurua oso egoera txarrean topatzen dute. Konponbide bat topatze aldera, aste honetan Ertzaintzagaz bildu da Udala, eta, laster, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batuko da.

Pinudiaren barruan gizalegearen aurka jazotako portaeren artean hurrengoak daude: baimendutako eremuetatik kanpo suak egitea; tokiko lasaitasuna galarazten duten sorgailuak dituzten bozgorailuak erabiltzea; mehatxuak eta istiluak; baimenik gabeko kanpaldiak eta zabor kantitate handiak pilatzea. Gorlizko Udalak azaldu duenez, jarduera horiek pinudiaren osotasunerako arrisku larria izateaz gain, "eragin kaltegarria dute inguruneaz modu arduratsuan gozatu gura dutenen esperientzian".

Udalak deitoratu bezala, joan den aste akabuan, gizalegerik gabeko ekintzengatik hainbat pertsonari isunak jarri ondoren, "gazte talde handi bat udaltzainengana hurbildu zen eta burdinazko larakoakaz mehatxatu zituen". Hala, Ertzaintzaren laguntza eskatu behar izan zuten bertatik alde egin ondoren, baina, une horretan, ez zuten patruilarik bertara joateko.

Horregatik, Gorlizko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Ertzaintzaren esku hartzea eskatu du, pinudia babesteko eta bertako lasaitasuna bermatzeko. Gainera, pinudian komun gehiago jarri beharko liratekeela ere komunikatu du, izan ere, jende andana bertaratzen da eta eremu osoa "pixa usainez eta gorotzez beteta" gelditzen da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun