Lehen Izarbide Durangon ireki zuen Marta Rodriguezek, Juan Carlos Morlaren bikoteak, elikadura ekologikoaren inguruan zuen kezka zela eta. Gutxika-gutxika Juan Carlos Morla ere mundu horretan sartzen joan zela kontatu du, eta, 2020ko ekainean, Covid-19aren izurrite betean, Gorlizen bere Izarbide irekitzea erabaki zuen.
Kontatu du hasiera gogorra izan zela, pandemiagatik eta Gorliz herri txikia delako. "Udak oso onak izaten dira, besteak beste, Europa iparraldetik etortzen diren turistek asko erosten digutelako; han oso aurreratuta daude ekologikoari dagokionez, eta harritu egiten dira hemen ditugun prezioakaz", azaldu du Morlak.
Bere negozioaren filosofia horrela laburbildu du berak: “Auzoko supermerkatu ekologikoa da Izarbide, eta mota guztietako produktu ekologikoak eskaintzea da gure helburua: fruta, okela, kosmetikoak, ogia, ardoa, garagardoa, ordezko produktuak… Ez genuen denda osagarri bat izan gura; hemen erosketa osoa egin dezakezu”.
Zehaztu duenez, Izarbide ez da frankizia bat, negozioa berarena da, baina marka horren inguruan Durangon, Zornotzan, Donostian eta Arrigorriagan ere izen eta ikuspegi bereko antzeko negozioak daude. Denek bat egin dute sinergiak batzeko, eta, adibidez, hornitzaileakaz negoziatzeko orduan indar gehiago izateko, sistema informatiko bateratua izateko edo ideiak partekatzeko. “Gastuak ere partekatzen ditugu, baina batzen gaituena proiektuaren ikuspuntua da, hau da, mundu guztiak eskura izan ditzala elikagai ekologikoak, prezio lehiakorretan eta esku-eskura”, nabarmendu du dendariak.
Produktu ekologikoak garestiago ote diren galdetuta, Morlak erantzun du ekologikoak ez duela kontsumitzailea bakarrik zaintzen, ingurumena ere zaintzen duela, “modu ekologikoan ekoizten diren produktuei ez zaielako ongarri kimikorik edo pestizidarik botatzen”; horrenbestez, beraiengana doazenek modu “kontziente” batean erosten dutela azpimarratu du. Gaineratu duenez, talde-izaera horri esker, beraien prezioak ez daude supermerkatu katen handiek dituztenetatik oso urrun: “Zenbat eta gehiago izan eta gehiago saldu, orduan eta prezio hobeak eskain ditzakegu”.
Gorlizko dendan behargin bi ditu, eta horien formakuntza ere ezinbesteko faktorea dela dio, “bezeroek asko baitakite, edo produktuen inguruko zalantzak izan ditzaketelako, eta gu horiei erantzuten jakin behar dugulako”. Bere ustez, auzoko denda bat izateak hurbiltasun hori ere ematen die, berbarako, zuzenean hornitzaileakaz hitz egin dezaketelako erosleen zalantzak argitzeko. “Gainera, jendeak osasunari lotutako berariazko beharrizanak dituenean ere eskaerak egin ahal dizkigu, ere hori ere itzela da, hurbiltasuna ematen digulako eta bezeroek asko eskertzen dutelako”, gaineratu du Morlak.