Gorlizko Turismo Bulegoak inklusiorako urrats garrantzitsua eman du Queer Destinations Committed nazioarteko bereizgarria eskuratuta. Ziurtagiri horrek udalerriak aniztasunagaz duen konpromisoa aitortzen du, pertsona guztientzako arreta turistiko bikaina bermatuz, sexu-orientazioa, identitatea edo genero-adierazpena gorabehera.
Ekaitz Pau Gorlizko alkatea pozik agertu da izendapen honegaz: "Aniztasunarekin eta inklusioarekin dugun konpromisoa ziurtatzen duen nazioarteko aitorpena da. Lorpen horrek erakusten du Gorliz gero eta helmuga abegikorragoa dela pertsona guztientzat, batez ere LGBTQ+ komunitatearentzat".
Bereizgarri hori Gorlizko Turismo Bulegoaren beste lorpen batzuei gehitzen zaie, hala nola 2009an lortutako kalitatearen Q saria, Kalitate Turistikoaren UNE-ISO 14785 ziurtagiria eta Turismo Etiko Euskadi zigilua. Gainera, bulegoak teknologia irisgarriak ditu, hala nola begizta magnetikoa, entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzu inklusiboa bermatuz.
Zigilu berri hori gehitzeak Gorliz erreferente bihurtzen du turismo inklusibo, etiko eta arduratsuan. Udalerriak aurrera egiten jarraitzen du, edozein pertsonak bere eskaintza turistikoaz gozatzeko aukera izan dezan, bere sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, erlijioagatik, arrazagatik edo desgaitasunagatik kaltebera sentitzeko beldurrik gabe.
Gainera, bereizgarri horregaz, Gorlizek berdintasunarekiko eta errespetuarekiko konpromisoa indartzen du, aniztasuna besarkatzen duen eta bere lurraldeko txoko bakoitzean inklusio-balioak sustatzen dituen helmuga gisa sendotuz.