Astondoko hondartza eskuz garbituko dute neguan, aldaketa klimatikoaren aurrean erresilienteagoa izateko

Ander Zarraga 2024ko aza. 26a, 13:31

Gorlizko hondartza, artxiboko irudian.

Bizkaiko Foru Aldundiak eskuz garbitzeko ekimen pilotu bat abiatuko du inguru natural babestuetan dauden Bizkaiko lau hondartzatan: Laida eta Laga, Urdaibain; La Arena, Muskizen; eta Astondoko duna-gunea, Gorlizen. Ekintza hori neguan garatuko dute, eta helburu du hareatza horiek klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia areagotzea, ekosistemak babestuz eta higaduraren eta itsas mailaren hazkundearen ondorioak aritzea.

Aste honetan ekin diote Bizkaiko Foru Aldundiak martxa jarritako proba pilotuari, neguan itsasaldiek itsasertzera eramaten dituzten hondakinak eskuz garbitzeko. Azaldu dutenez, ekimen horren helburua hondartza horiek klima-aldaketarekiko erresilienteagoak izatea da; izan ere, frogatuta dago hondakin naturalen metaketa horiek hondartzako ekosistemak garatzen lagundu eta espezieen biodibertsitatea bultzatzen dutela; gainera, defentsa-elementuak dira olatuek eragindako higaduraren aurka, eta, ondorioz, klima-aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren aurka.

Hala, aste honetatik aurrera, Foru Aldundiak substantzia antropikoak, besteak beste, plastikoak, obra-hondakinak, ehunak... ezkuz kenduko ditu; aldiz, adarrak, algak edo enborrak bezalako zati organikoa, dauden moduan utziko dituzte, giza osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen elementuak izan ezik, esaterako,; adibidez, hildako animaliak.

Proba pilotu hau neguan egingo dute; izan ere, itsasoko ekaitzek garai horretan gogorrago jotzen dute, eta, horregatik, neguan beharrezkoagoak izaten dira halako elementu naturalak olatu handiek hondartzetan dituzten ondorioak arintzeko. Udaberritik aurrera eta hondartza-denboraldi osoan –ekainaren 1etik irailaren 30era–, garbiketa mekanikoari ekingo diote berriro, hondartzen erabilera errazteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak informazio-kartelak ere jarriko ditu aipatutako lau hondartzetan, herritarrei ekimen honen garapenaren berri emateko, eta hondakin organiko horiek hondartzen ingurumen-kontserbazioan duten garrantziaz ohartarazteko. Kartel horietan, hondartzak behar bezala erabiltzeko gomendioak eta neguan ere hondartzaz gozatzeko aholkuak emango dituzte; horretaz gain, korronteek itsasertzera eramaten duten hondakin-pilaketa horiek zer diren azalduko dute, eta ingurune horien kontserbaziorako balio ekologiko handia dutela nabarmenduz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun