Aurten, Gorlizko Udalak herrian mugikortasun jasangarrian sustatzeko funtsezko proiektu bat egingo duela iragarri du: bidegorria hondartzatik herrigunera. Proiektuaren arabera, bidegorriak 310 metroko ibilbidea izango du, herriaren erdigunea hondartzako pasealekuagaz lotzeko.
Azpimarratu dutenez, ekimenaren helburua txirrindulariei eta oinezkoei hautabide segurua, erosoa eta ingurunearekiko errespetuzkoa eskaintzea da, iraunkortasunaren eta bizi-kalitatea hobetzearen aldeko udal-konpromisoekin bat eginez.
Zentzu horretan, Udalaren lehentasunetako bat oinezkoen erosotasuna zaintzea dela adierazi dute, beraz, gutxienez 2 metroko zabalera izango duen espaloi bat bermatuko dute trazadura osoan zehar, eta zenbait puntutan handitu ere egingo dute egun dagoen azpiegitura. Gainera, egungo zuhaiztia ahal den neurrian mantentzeko ahalegina egingo dutela ere agindu dute, Gorlizko ingurune natural bereizgarria kontserbatzen lagunduz.
Ibilbide berria hondartzako eta Ondargane kalean dauden bidegorrien arteko bidegurutzean hasiko da. Hortik aurrera, Eloisa Artaza kalean zehar joango da, Itsasbideko zati bat hartuz eta Andra Mari kalearen bidegurutzean amaituko da. Ibilbide horretan, bizikletek errei esklusibo bat izango dute igoeran, zirkulaziotik eta oinezkoengandik bereizita, 1,50 metroko zabalerargaz.
Jaitsierarako, bizikletek errepidea trafikoagaz partekatuko dute, baina tarte zabalago batean, gutxienez 3 metrokoa. Diseinu horren helburua txirrindularientzako, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako zirkulazio seguru eta arina bermatzea dela nabarmendu dute.
Era berean, proiektuak aparkalekuen berrantolaketa txiki bat ere eragingo du, mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuagaz. Hala, Eloisa Artaza kaleko 8. eta 10. zenbakien parean zazpi plaza gutxituko dituzten arren, kale bereko 14. zenbakiaren parean hiru bateria-plaza berri sortuko dituzte. Gainera, bidegorria aparkalekuen ondotik igarotzen den puntuetan espaloi-zerrenda bat bideratuko dute, eta horri esker ibilgailuak modu seguruan irten ahal izango dira bizikleta-erraia oztopatu gabe.