Gorliz Ospitalearen izendapen hori Euskadiko BPSOk astelehen honetan antolatutako jardunaldi batean eman dira ezagutzera. Zainketen bikaintasunagaz Konprometitutako Zentroen Programa (BPSO), nazioartean Best Practice Spotlight Organizations (BPSO) bezala ezagutzen dena, Ontarioko Erizainen Elkarte Profesionalak (RNAO) bultzatzen du. Bereizketa hori lortzeko, Gorlizko Ospitaleak hiru urtez lan egin du jardunbide egokien gidak garatzeko eta ezartzeko.
Osakidetzak azpimarratu duenez, helburu hori betetzeko, "ezinbestekoa" izan da liderren eta bultzatzaileen taldearen ahalegina eta dedikazioa. Ekimen horrek gida bakoitza sustatzeko sortu zuen taldea, "ezarritako konpromisoak lortzea ahalbidetu duena, eta haren lanik gabe ezin izango zen zentro konprometitu gisa ziurtagiria lortu".
Osakidetzak nabarmendu duenez, hiru urte hauetan urrats asko egin dira ezarritako helburuak lortzeko, hala nola, 300 bultzatzaile baino gehiago trebatzea jardunbide egokiak inplementatzeko metodologian; programa erakunde osoan integratzea, EHUko FMEko Erizaintza graduan eta hainbat irakaskuntza-unitatetan, hala nola honako irakaskuntza-unitate hauetan: Familia eta Komunitate Arreta; Osasun Mentala; Lan Osasuna; Pediatria eta Emaginak; protokoloak egitea edo gidakaz lotutako ikerketa-lerroak sustatzea, besteak beste.
Bestalde, Gorliz Ospitaleak gida hauek ezarri ditu hiru urte hauetan: "Sarbide baskularra", "Pertsona eta familia ardatz duten zainketak" eta "Zainketen ikuspegi aringarria bizitzako azken 12 hilabeteetan".
Osakidetzak adierazi duenez, gidak ezartzeak ospitalea eraldatzeko bidea ekarri du, eta aldaketa esanguratsuak eragin ditu praktika klinikoan, antolamendukoan eta kulturalean, eta pazienteei eta familiei arreta onena eskaintzeko misioa motibatu eta indartu du, ebidentzian oinarrituta.
Gainera, eraldaketa horretan lagundu duten liderrak eta talentuak agerian jarri dira, eta "funtsezko arloetan aurrerapen esanguratsuak lortzea" ahalbidetu du, hala nola pazienteen segurtasunean, zaintzaren humanizazioan eta pertsonen garapen profesionalean. Nabarmendu duenez, ospitale honek iraunkortasuna eta proiektua erakundean integratzeko konpromisoa bateratu nahi ditu orain, bere kulturaren zati gisa.