Gorliz Bizirik plataformako zinegotziek osatutako gobernu taldearen ekintza eta gardentasun falta salatu du EH Bilduk, eta instituzioaren "kolapsoaren atarian" daudela adierazi dute. "EH Bildutik ez gara salaketarekin konformatzen, eta, legealdi hasieratik esan bezala, edozein arazoren aurrean, irtenbideak eta alternatibak proposatu nahi ditugu. Beraz, egoera honi betiko erabakitasun berarekin aurre egin nahi diogu, jendearen bizitza hobetzeko eta irtenbideak bilatzeko asmoz", azpimarratu dute.
Halaber, EH Bilduk azaldu du arazo horiei guztiei udaletxean ordezkaritza duten sindikatu guztien salaketa gehitu behar zaiela. Izan ere, sindikatuek salatu dutenez, lan arloan aurrerapenik ez dago, eta Gorlizko Udala bezalako erakunde garrantzitsu bat aurrera eramateko behar den lan-giroagaz bat ez datozen langileekiko errespetu faltak izan dira.