Gorlizko Udalak zortzi informazio-panel jarri ditu udalerriko gune estrategikoetan

Nahia Martinez Gondra 2025ko mai. 15a, 15:15

Panelak udalerriko gune estrategikoetan daude kokatuta.

Udaleko Kultura Sailak bultzatutako ekimena, udalerriko ondare historiko eta kulturala ikustarazteko proiektu baten herena da. Puntodis enpresagaz lankidetzan garatu da –Urdulizen du egoitza, eta komunikazio irisgarrian espezializatua da-, eta tokiko ondarearen ezagutzea sustatzea du helburu, tresna inklusibo eta unibertsalak erabiliz.

Panel bakoitzak QR kode bat du, telefono mugikorretik eraikin, monolito edo enklabe bakoitzari buruzko informazio zabalagoa eskuratzeko. Eskaneatu ondoren, edukia irakurri, entzun eta bistaratu daiteke, lekuarekin lotutako irudien bidez.

Irisgarritasunaren aldeko urratsa

Edukiak hiru hizkuntzatan daude eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Gainera, panelak ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat irisgarriak izateko diseinatu dira, informazioa audio-formatuan entzun daitekeelako eta sistema pertsona itsuentzat ere egokituta dagoelako. Testuek, gainera, irakurketa errazeko bertsio bat dute, euskaraz zein gaztelaniaz, eta ulermena errazten diete zailtasun kognitiboak edo irakurketa-zailtasunak dituzten pertsonei.

Panelak kokapen hauetan aurki daitezke:

  • Andra Mari auzoko baselizan.
  • Areiza doktorearen monumentuaren ondoan, Astondon.
  • Urezarantza auzoko eskolan.
  • Gorlizko hilerriko ate nagusian.
  • Itsasargian.
  • Gorlizko ospitalean, hondartzako pasealekuko sarbidean.
  • Sertutxena eraikinean.
  • Gorlizko udaletxeko ate nagusiaren alboan.

Panelen edukia esteka honen bidez kontsultatu daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun