Geuretik Sortuak nazio mailako kultur egitasmoan parte hartuko du Gorlizek

Nahia Martinez Gondra 2025ko mai. 20a, 09:15

Aurkezpena ekainaren 5ean izango da.

Gorlizek Geuretik Sortuak egitasmoko 3. urtean parte hartzeko aukera izango du. Bi urtez luzatzen den nazio mailako egitasmo honek, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzea du helburu. Horretarako, euskal artisten sormena sustatzeaz gain, euren lana Euskal Herriko kontakizun eta istorioagaz lotu egiten du. Hurrengo ekainaren 5ean egitasmoaren aurkezpen-ekitaldia antolatuko dute.

Udalbiltzak, Euskal Herriko udalen partzuergoak, 2021. urtean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa eta aurtengoak inoiz baino parte hartzerik handiena lortu du. Guztira, 30 udalerrik parte hartuko dute 30 sortzaile bekadunagaz batera. Elkarlan horretatik obra ezberdinak sortu eta hedatzen ari dira Euskal Herri osoan zehar, literatura eta komikitik hasi eta zinema eta antzerkiraino.

Gorlizen kasuan, Maitane Perez, sortzaile, idazle eta aktore iruindarrak, eleberri bat sortuko du, Gorlizko herria ardatz izango duena. Horretarako, hiru asteetan zehar udalerrian egonaldia egingo du herria eta herritarren istorio eta kontakizunak ezagutzeko helburuagaz, ostean, horregaz guztiagaz, fikzio bat sortzeko.

Maitanek beka honen aurreko bi deialdietan ere parte hartu izan du eta esperientzia dauka horrelako prozesuetan, eta arreta, batez ere, jendea ezagutzeari eta beragaz kolaboratu gura duten guztiak entzuteari jarri gura dio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun