Gorlizko Aratz Dantza Taldeak bere 45. urteurrena ospatuko du ekainean

Nahia Martinez Gondra 2025ko mai. 23a, 15:48

45 urte bete ditu Aratz Dantza Tadleak.

Aratz Dantza Taldeak 45 urte bete ditu, eta 4​ hamarkada hauetan zehar bere ibilbidean parte hartu duten pertsona eta familia guztiak bilduko dituen programa berezi bategaz ospatuko dute. Urteurreneko ekitaldiak barikuan, ekainaren 27an, hasiko dira, 45 urte hauetan taldeko kide izan diren bazkide eta dantzari historikoei zuzendutako omenaldi afari bategaz.

Joan den zapatuan, maiatzaren 17an, Aratzek eskainitako agerraldian, emozioz errepasatu zituzten taldearen hasierak, une gogoangarriak eta bizipenak, sorreratik gaur egunera. 1980. urteaz geroztik, Gorlizen euskara ikasten ari zen pertsona talde batek herri osoari irekitako jota eta arin-arin ikastaroagaz ekin ziotela ekarri zuten gogora. Hasieran, herriko eskola zaharretan entseatzen zutela nabarmendu zuten, gaur egun Udala dagoen eraikinean, eta aurrerago ikastolatik eta egungo irrati estudiotik igaro zirela. Azkenik, eta taldea osatzen zuten familien ahalegin kolektiboari esker, lokal propio bat egokitzea lortu zuten, gaur egun ere Aratz Dantza Taldearen "etxea" izaten jarraitzen duena.

Ekimen xume gisa hasi zena gaur egun udalerriko erreferente kultural bihurtu dela nabarmendu zuten, 132 kide aktibogaz eta dantza tradizionalarekiko, euskararekiko eta Gorlizko herriarekiko konpromisozko historia luzeagaz.

Aurkezpenean, gainera, urteurrenaren egitarauaren berri eman zen, besteak beste, omenaldi afari bat, dantza ikuskizun jendetsua eta itxiera-jardunaldi bat barne hartuko dituena.

Egitarau osoa

Urteurreneko ekitaldiak barikuan, ekainak 27, hasiko dira, 45 urte hauetan taldeko kide izan diren bazkide eta dantzari historikoei zuzendutako omenaldi afari bategaz.

Zapatuan, hilaren 28an, arrastiko 20:00etan, dantzaldi jendetsua izango da Ibarretako plazan; bertan, gaur egungo dantzariak eta taldearen belaunaldi zaharrak oholtza gainean batuko dira. Dantza ugari eskainiko dituzte, eta musika, tradizioa eta elkarlana izango dira protagonista.

Azkenik, ekainaren 29an, domekan, San Pedro egunean, Kaixarranka izango da protagonista berriz ere jubilatuen plazan. Trikitixa, txistu eta panderoaren erritmoan, taldeko egungo kideek amaiera emango diote emozioz, oroimenez eta ospakizunez beteriko asteburuari. Gainera, aste-akabu osoan zehar, argazki erakusketa batek herriko saltokien erakusleihoak jantziko ditu, 45 urte hauetan bildutako une, emozio eta bizipenak jasotzen dituzten irudiak erakutsaraziz.

https://www.gorliz.eus/PublishingImages/20250521-aratz-dantza-taldea-1.jpeg

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun