EAJko Iñigo Ansolak EH Bilduri aurpegiratu dio “beste albo batera begira geratzea"

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 9a, 09:22

Ekainaren 7an egindako Alderdikide Eguna. © EAJ

Joan den zapatuan, ekainaren 7an, EAJk Uribe Kostako lehen Alderdikide Eguna ospatu zuen Gorlizen. Hala, ekitaldian, Bizkai Buru Batzarraren presidente Iñigo Ansolak EAJren eredu propioa aldarrikatu zuen: "Inbertsio berriak behar ditugu, eta horretarako Euskadik Herri erakargarri eta fidagarria izaten jarraitu behar du. Etengabeko gatazka, etengabeko greba eta laneko absentismoa arriskutan jartzen ari dira orain arte eraikitako guztia”. 

Ansola arduratuta agertu da ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak egindako adierazpenakaz, "lotsarik barik aitortu baitu grebak eta etengabeko tentsioa gure ongizate eredua aldatzeko tresnak direla”. Horren aurrean, Ansolak ELAren, LABen eta EH Bilduren estrategia seinalatu du: “Benetan nahi ote dugu munduko mapan Euskadi herri gatazkatsu gisa agertzea? ELAk, LABek eta EH Bilduk eskutik eskura darabilten estrategia horrek isolamendura garamatza, hondamendira eta gizarte ireki, lehiakor eta moderno gisa ingurukoen konfiantza galtzera”. Hala, Bizkaiko jeltzaleen buruak EH Bilduri aurpegiratu dio “beste albo batera begira geratzea, besteok lan zikina egiten duten bitartean”, eta alderdikideei eskatu die irmotasunez aurrera egiteko. 

Ildo horretan, Ansolak EAJren eredu propioa aldarrikatu du eta Uribe Kostan aurrera eramandako proiektuak nabarmendu ditu: "Armintzan, BIMEP bultzatuz, energia garbiaren eta berrikuntzaren aldeko apustu gisa; URAk sustatu dituen saneamendu lanetan; mugikortasun proiektuetan, hor daude metroa, bidegorriak, Bizkaibus eta itsasadar azpiko tunela. Eta, horrekin guztiarekin, zer izan dugu aurrean? Betikoa: pankartak. Baina ez gara kikilduko. EAJ-PNV ez da oztopoak jartzera etorri, lan egiten duen alderdia gara. Hori da EAJ-PNVren indarra: lan egitea eta hurbiltasunez kudeatzea, lanean burua eta bihotza jarriz”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun