TAO zerbitzua martxan da Gorlizen

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 13a, 15:35

TAO ticket-en ordainketa errazteko, mugikorrerako bi aplikazio jarri ditu udalak eskuragarri.

Gaurtik aurrera, ekainaren 13a, arauturiko gune guztietan ordaindu behar da, gune urdinetan 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara, zein gune laranjan, berdean eta gorrian, 10:00etatik 20:00etara.

TAO ticket-en ordainketa errazteko, mugikorrerako bi aplikazio jarri ditu udalak eskuragarri, aurreko urtean baino bat gehiago. Aplikazioak ElParking eta Mowiz dira eta Android zein IOS sistemadun gailuentzat daude eskuragarri. Aplikazioen erabilgarritasunari dagokionez, aparkatu eta aparkaldia luzatzeaz gain, jakinarazpenak jasotzeko belio dute, bai eta salaketak ezerezteko ere.

Gogorarazten da Gorlizen erroldatutakoek (zerga Gorlizen ordaintzen dutenek) ordaintzetik salbuetsita daudela eremu guztietan, gune gorrian izan ezik, horietan dagokion tarifa ordaindu behar baitute. Eremu laranjari dagokionez, txandaka funtzionatzen du: 90 minutu doan aparkatu ahal dira, baina derrigorrezkoa da ticket bat lortzea.

Bestalde, udalerrian etxebizitza bat duten pertsonek aparkaleku-bono bi eskatu ahal dituzte: bono batek 55 euroko kostua du eta besteak 70 eurokoa. Eskaerak telematikoki egin ahal dira webgunean bertan edo aurrez aurre, TAO zerbitzuaren bulegoan, goizeko 10:00etatik 14:00etara (astelehenetik barikura) eta martitzen arrastitan 16:00etatik 18:00etara.

​Eskabidea osatzeko, 2024ko OHZren ordainagiria, sartu beharreko ibilgailuaren matrikula eta aukeratutako bonuaren zenbatekoa aurkeztu behar dira. Informazio gehiago gura izanez gero, TAOren udal ordenantza kontsulta daiteke edo zerbitzuaren bulegoarekin harremanetan jarri 717 19 07 31 telefonoaren bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun