Jaialdiaren helburua da herria biziberritzea, bisitariak erakartzea, tokiko merkataritza eta ostalaritza babestea, eta kalitatezko kultur alternatiba eskaintzea udan Gorlizen geratzen direnentzat. Gorlizko Udalak antolatutako Dastatuarte jaialdia udako kultura-ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da eskualdean.
“Dastatuarte jaialdia gure herriak eskain dezakeenaren erakusleiho bikaina da. Bertako produktuak balioan jartzen ditugu, tokiko sortzaileei lekua eskaintzen diegu eta familian, kalean eta zentzumen guztiekin gozatzeko egitaraua proposatzen dugu”, adierazi du Ekaitz Pau Gorlizko alkateak.
Minigastronomia, zozketak eta elkartasun-proposamenak
Urte honetako protagonistetako bat Pintxo Lehiaketa izango da berriro ere. Aste-akabu osoan zehar, herritarrek eta bisitariek 11 establezimendu parte hartzaileen pintxoak dastatu ahal izango dituzte. Pintxo Bonua zigilatu eta domekan, uztailaren 6an, 16:00ak baino lehen bonua kutxa egokituetan utzita, hainbat sariren zozketan parte hartuko dute, tartean gastronomia-saski handi bat. Irabazlea astelehenean, uztailaren 7an, 14:00etan, jakinaraziko da presentzialki Sertutxena eraikinean eta webgunean.
ArteGune & GastroGune guneek tokiko artisautza eta gastronomiako 40 bat postu hartuko ditu, produktu gertukoakaz eta eskuz egindako artikuluakaz. 10 eurotik gorako erosketak egiten dituztenek produktu sorta ezberdinen zozketan parte hartzeko txartela jasoko dute.
Dastatuarte sare sozialetan ere presente egongo da. Photocall horietan argazkia ateratzen dutenek, @dastatuarte kontua etiketatuz eta #Dastatuarte25 traola erabiliz, ekimeneko produktuen zozketan parte hartu ahal izango dute. Elkartasun izaerak ere bere lekua izango du, domekan Elizako Plazan egingo den paella solidarioan. Aurten bildutako dirua Aspertxu elkartearentzat izango da, Asperger sindromea eta TEA duten pertsonak eta haien familiak biltzen dituen elkarte bizkaitarra.
© DASTATUARTE
Sukaldaritza, artea eta zuzeneko ikuskizunak
Uztailaren 4an, barikuan, 19:00etatik aurrera hasiko da jaialdia Primo Bayoren Party Carroagaz, kolorea, musika eta mugimendua kaleetara ekarriz. Ondoren, Noran taldearen kontzertua izango da, poparen sentiberatasuna eta rockaren indarra uztartzen dituena, eta Antonio Martinez ilusionistaren ikuskizuna izango da amaiera borobila emateko.
Uztailaren 5ean, zapatuan, haurrei zuzendutako jarduerakaz hasiko da eguna: mosaiko tailerra, ipuin kontalaria eta txalaparta ikuskizuna. Bestalde, artisau garagardo dastaketa eta ostra irekitzeko eta dastatzeko tailerra ere eskainiko dira.
Sormena ere protagonista izango da zapatuko jardunaldian, hainbat proposamen erakargarrigaz; hala nola, txoritxoentzako etxolen margoketa tailerra edo serigrafia tailer praktiko bat, besteak beste. Zapatu arrastian, udalerriko hainbat gunetan aldi berean egingo diren jarduera ugarik osatuko dute egitaraua: kafea ardatz duen koktelgintza tailer batetik hasi, eta zuzeneko musika, sua eta dantza uztartzen dituen ikuskizunetara arte, DJ Bizidantza eta Txalamakilakxperience bezalako proposamenakaz.
Bestalde, elizak Lirain abesbatzaren emanaldia hartuko du, 60ko eta 80ko hamarkadetako klasikoakaz. Beste hainbat tokitan, talo eta zirku tailerrak egongo dira familian gozatzeko. Joseba Perez umoristaren bakarrizketa izango da zapatu gaueko azken ikuskizuna: ironiaz, musikaz eta eguneroko bizitzaren behaketaz betetako proposamena, gitarragaz zuzenean.
Domekan, uztailaren 6an, Yatra Piratak ipuin kontaketa murgiltzaileagaz hasiko da eguna Ondargana Kanpan, eta udalerriko hainbat tokitan parte-hartze tailerrak egingo dira: sukaldaritza, diseinua eta sormenezko ekintzak. Arrastian, txikienek “Printze Txikia” ikuskizunaz gozatu ahal izango dute, bitartean perkusio tailerrak energiaz beteko du Ibarreta plaza. Gozozaleentzako, berriz, aukera tentagarria izango da txokolatezko muffin tailerra, familian gozatzeko pentsatua. Beste estilo bateko esperientzia bilatzen dutenek, elizan Bizkaiko Ingeniarien Abesbatzaren eta Behotsik Orkestraren kontzertua aurkituko dute.
19:00etan, Sertutxena tokiko idazleen poesia errezitaldiaren oholtza bihurtuko da. Amaiera borobila Gora Bihotzak ikuskizunak jarriko du: dantzatzeko, besarkatzeko eta bizitza mugarik gabe ospatzeko askatasunaren kantua.
Horrez gain, hiru egunetan zehar, bai gorliztarrek bai bisitariek hainbat erakusketa izango dituzte gozagarri udalerriko txoko ezberdinetan. Besteak beste, Gorlizko Idazleen Elkarteak, Merkatarien Elkartearekin elkarlanean, herriko erakusleihoak artez eta poesiaz jantziko ditu berriz ere, kaleak bertsoz eta sormenez betez.
Izena emateko: Turismo Bulegoan
Zenbait jardueretan parte hartzeko aurrez izena eman behar da presentzialki Gorlizko Turismo Bulegoan (Eloisa Artaza 1), telefono bidez (946 774 348 / 688 818 876) edo emailez (info@visitgorliz.eus). Informazio gehiago eta egitarau osoa: www.visitgorliz.eus/dastatuarte.