Etxebizitza turistikoetarako lizentziak etetea onartu du Gorlizko Udalak

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 24a, 16:04

Daborduko etxebizitza turistikoen kopurua alokairu tradizionaleko etxebizitzena baino handiagoa da udalerrian. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Talde politiko guztien aldeko bozkakaz, aurreko ekainaren 5ean, Gorlizen erabilera turistikoko etxebizitzetarako lizentziak bertan behera uztea onartu zuen Udalbatzak, ohiko bilkuran. Aldi baterako neurria da, eta turismoak tokiko etxebizitzetarako sarbidean duen eraginari erantzuten dio. 

Udaleko etxebizitza eta eskubide sozialetako teknikariak egindako txosten baten arabera, azken urteotan "desoreka geroz eta handiagoa da eskuragarri dagoen etxebizitza-eskaintzaren eta benetako eskariaren artean", batez ere iraupen luzeko alokairuari dagokionez. Gainera, erabilera turistikorako etxebizitzen kopurua etengabe hazi da, eta horrek ohiko egoitzak murrizteaz gain, bizilagunek etxebizitza duina eta eskuragarria aurkitzea zailtzen du.

Dokumentuak azpimarratzen duenez, daborduko etxebizitza turistikoen kopurua alokairu tradizionaleko etxebizitzena baino handiagoa da udalerrian, eta garaiz jarduten ez bada, egoera areagotu egingo dela iragartzen du.

Lizentzia berrien eteteak indarrean jarraituko du Hiri Antolamenduko Plan Berezia egin eta onartu arte. Plan horrek udalerriko etxebizitzaren erabilera turistikoa arautzeko arau-esparru argi bat ezarriko du, turismo-eredua udalerriko eguneroko bizitzarekin bateraezina izan ez dadin. Udalak azpimarratu duenez, neurriaren helburua ez da turismoa kriminalizatzea, baizik eta Gorlizko bizilagunei etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun