Inor ez da dantza egin barik gelditu Gorlizko Aratz Dantza Taldearen urteurrenean!

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 2a, 09:13

Gorlizko Aratz dantza taldeak 45 urte bete zituen aurreko aste-akabuan, ekainaren 27, 28 eta 29an. Hala, barikuan, afari handia egin zuten dantza taldeko 125 bazkideak batzeko, eta zapatuan, 45. urteurrenaren dantza-ikuskizun berezia. Hona hemen aste-akabuko irudi guztiak, Aratz Dantza Taldearen eskutik. Inor ez zen dantza egin barik gelditu!

Ekainaren 27an, barikuan, afari handia egin zuten iluntzean, eta bertan, 125 dantza taldeko bazkide eta dantzari elkartu ziren. Afalostean, dantza, jolas eta kantuez gozatu zuten, eta dantza taldeko dinamizatzaile ohi eta irakasle Iera Bilbaok aitortza hunkigarria jaso zuen gaur egungo arduradun Nagore de Miguelen eskutik. 

Ekainaren 28an, zapatuan, ikasturte osoan zehar prestatzen ibili diren 45. urteurreneko dantzaldia burutu zuten, Gorlizko Iberrebarri plazan. "Ia 2 orduko ikuskizun biribila izan zen oso dinamikoa, parte-hartzailea eta anitza", adierazi dute kideek. Hala, 400 bat ikusle hurbildu ziren ekitaldira: aulki guztiak eta harmaila beteta egon ziren eta jende askok zutik egon behar izan zuen.

Dantzaldian, 200 dantzarik dantzatu zuten trikitilari, txistulari, pandero-jole, gaitero, atabalari eta txalapartariek lagunduta eta bi aurkezlek gidatuta. Aratzen egun dauden eta iraganean ibilitakoek izan zuten lekua, 5 urteko haurretatik 65 urteko nagusietara. Euskal geografiako leku desberdinetako dantza klasiko eta tradizionalak dantzatu zituzten, Iparraldetik Hegoaldera, Mendebaldetik Ekialdera. Besteak beste, Dantzari Dantza, Eltziego, Jota eta Arin-Arin, Korroko dantzak, Kaskarot, Jauziak, Uztai Handi, Larrain-dantza, etab.

Era berean, Sorgin-dantzagaz barreetarako tartea egon zen eta Xemeingo Ezpata-dantza izan zen dantzarik ikusgarriena, Aratzek lehen aldiz dantzatu baitzuen. "Saioa polita bezain gogoangarria izan zen eta dantzariak eta ikusleak pozarren lotu ziren", baieztatu dute. Gainera, ikuskizunean zehar dantza taldearen sortzaileak omendu zituzten, gaur egungo irakasleek opari sorpresa jaso zuten, eta dantzatu bitartean, 45 urteko ibilbidearen argazkiak ikusi ahal izan ziren plazaren alde batean egon zen pantailan. 

Gorlizko San Pedroetako dantzaldia

Halaber, zapatuko saioagaz ez ziren ospakizunak amaitu. Ohiturari jarraiki, dantzalditxoa egin zuten domekan, ekainaren 29an, San Pedro egunean. Koldo Garciak kaxarranka dantza eskaini zien herritarrei Aratzen urteurren ospakizunei amaiera ederra emanez. 

Sentipenak 

Aste-akabuko balorazioa ezin hobea dela adierazi dute Aratz Dantza taldeko kideek: "Dena atera da primeran, Aratzen ibilbidea ikusarazi da, dantza taldea oso osasuntsu eta indartsu dagoela erakutsi da eta etorkizun oparoa duela. Izan ere, Aratz dantza taldeak dantzaren sokari eutsi ez ezik soka luzatzea ere lortu du eta lanari eta konpromisoari esker dantzen transmisioa beste urte askotarako bermatuta dagoela erakutsi dugu".

Argazkiak: Aratz Dantza Taldea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun