Gorlizko haurreskola berrirekiko dute hobekuntza energetikoakaz eta garapen psikomotorrerako gune berriagaz

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 3a, 14:41

Plaza eskaera uztailaren 7, 8 eta 9an egin ahal izango da. © GORLIZ UDALA

Eguen honetan, uztailaren 3an, amaitu dira Gorlizko Urezarantza auzoan kokatzen den haur-eskola birgaitzeko lanak, 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzendutako zentroa. Esku hartzeak, hezkuntza-zerbitzuaren segurtasuna, energia-eraginkortasuna eta kalitatea bermatzea izan du helburu eta Haurreskola Partzuergoaren oniritzia jaso ondoren, ikastetxeak irailean irekiko ditu ateak berriro. 

Plaza eskaera uztailaren 7, 8 eta 9an egin ahal izango da, bai aurrez aurre udaleko HAZ zerbitzuan, bai telematikoki udalaren web orrian. Interesa duten familiei gogorarazten zaie izen-emateko prozesua hiru egun horietan bakarrik egongo dela eskuragarri. 

Eraikinaren eraberritze integrala 

Eraginkortasun energetikoa izan da esku-hartze honen lehentasunetako bat, baita txikienen ongizatea hobetzea ere. Horretarako, fatxadaren birgaitze partziala egin da, iragazketak kenduz eta isolamendu termikoa indartuz, urte osoan barruko tenperatura  egonkorragoa izan dadin. 

Eraikinaren barnealdeko baldintzak ere hobetu dira, hezetasun arazoak saihestuz eta  haurrei ingurune osasuntsu eta erosoago bat eskainiz.

Horrez gain, gasoliozko berokuntza-sistema zaharraren ordez aerotermia-sistema bat jarri da, askoz ere eraginkorragoa eta ingurumena errespetatzen duena. Hobekuntza  honek energia-kontsumoaren murrizketa nabarmena eta CO₂ isurpenen jaitsiera dakar. 

Jarduera horien bidez, Udalak berretsi egiten du iraunkortasunarekin duen  konpromisoa, eta hezkuntza-gune seguruak, modernoak eta egungo beharretara  egokituak sortzeko konpromisoa. 

Garapen psikomotorrean oinarritutako jolas-gune berria 

Esku-hartzean nabarmendu beharreko beste berrikuntza bat, 30 metro karratu baino  gehiagoko jolas-gune estaliaren sorrera da. Gune horrek honako elementuak ditu:  arrapala, txirristak, igotzeko soka, egurrezko etxetxoa, ur-jokoak eta gainazal bigunak. Eta garapen motorra, sentsoriala eta sinbolikoa sustatzeko diseinatu da.  

Diseinuak lehen haurtzaroko garapen psikomotorrera bideratutako irizpide  pedagogikoei erantzuten die eta 0-3 urteko haurren beharretara egokitutako ingurune  seguru eta estimulatzailea eskaintzen du. 

Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko esku-hartzea 

Lanak 2024ko irailean hasi ziren, haur-eskolako bizigarritasunari eragiten zioten  hezetasunak eta filtrazioak antzeman ondoren. 2023an Haurreskola Partzuergoak egindako txosten tekniko batek adierazi zuen eraikinak ez zituela hezkuntza-zerbitzua  bermatzeko baldintza egokiak betetzen. 

Esku-hartzean zehar, Udalak proiektuaren irismena zabaltzea erabaki zuen, egiturazko  baldintzak ez ezik, erosotasun termikoa, eraginkortasun energetikoa eta hezkuntza ingurunearen kalitatea ere hobetzeko.

Berrituta, eraginkorra eta familientzako prest 

Plaza eskaera uztailaren 7, 8 eta 9an izango da eta behin-behineko zerrendak uztailaren 14an argitaratuko dira.  Deialdia 2024 eta 2025 urteetan jaiotako haurrei zuzenduta dago. Eskabideen  kopuruak plaza erabilgarriak gainditzen baditu, Haurreskolen araudian ezarritako  baremazio-irizpideak aplikatuz esleituko dira. Informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek webgune ofiziala begiratu dezakete:  www.haurreskolak.eus. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun