Gorlizko Fauna Sendatzeko Zentroko hegazti guztiak hil dituzte, hegazti gripea detektatu ondoren

Ander 2025ko abu. 6a, 15:19

Gorlizko Fauna Sendatzeko Zentroko langile bat itsastxori bat askatzen, artxiboko irudian. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Hegazti gripeak kutsatutako kaio bi aurkitu ostean, Gorlizko Fauna Sendatzeko Zentroak animalia guztiak hil eta prebentzio-neurriak aktibatu ditu 10 kilometroko erradioan. Neurriak Gorliz, Sopela, Getxo edo Leioa bezalako udalerriei eragingo die eskualdean.

Gorlizko Fauna Sendatzeko Zentroak berehalako eutanasia aplikatu behar izan die bere instalazioetan hartutako hegazti guztiei, zentroan artatutako kaio biri hegazti-gripea (gripearen A birusa H5N1 mota) zegoela egiaztatu ondoren. Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Santurtzin eta Erandion basa-hegaztiei aplikatutako zaintza-protokoloen ondorioz detektatu zen fokua, eta inguruko 17 herritan euste-neurriak aktibatu behar izan dituzte.

Hala ere, Foru erakundeak lasaitasun-mezua igorri du, "giza osasunerako arriskurik ez dagoela" ziurtatuz, baina birusaren edozein hedapen geldiarazteko azkar eta irmo jardutea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Hori dela eta, ondorengo murrizketa hauek indarrean egongo dira datozen 30 egunetan zentroaren inguruko 10 kilometroko perimetroaren barruan dauden udalerrietan: hegaztiak dituzten instalazio guztiak nahitaez inskribatu behar dira Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA), autokontsumorako instalazioak barne; debekatuta dago hegaztiak babes- eta zaintza-eremuetatik sartzea edo ateratzea; albaitaritza-kontrol handiagoa zerbitzu ofizialen eta ustiategiko albaitarien aldetik; heriotza anormalen aurrean zaintza pasiboa areagotzea; debekatuta dago aire zabaleko hegaztiak haztea, bai eta basa-hegaztien ingurune irisgarrietatik datozen tratatu gabeko urak erabiltzea ere; eta etxeko hegaztien edo hegazti gatibuen feriak edo kontzentrazioak bertan behera uztea.

Zehaztu dutenez, honako hauek dira neurri horien eraginpeko eskualdeko udalerriak: Lemoiz, Gorliz, Barrika, Sopela, Plentzia, Urduliz, Getxo, Berango, Leioa eta Erandio.

Azkenik, Aldundiak azpimarratu du ekintza horiek prebentziozkoak direla, eta Estatuan eta Europan hegazti-gripearen fokuei azkar erantzuteko protokoloaren barruan sartzen direla. Helburu nagusia bai basa-fauna bai lurraldeko hegazti-ustiategiak babestea dela gaineratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun