Trio Philomeneren kontzertuaz gozatu ahalko dute gorliztarrek abuztuaren 24an

Nahia Martinez Gondra 2025ko abu. 21a, 10:53

© ZARATEMAN

Gorliztarrek doako kontzertu berezi batez gozatu ahalko dute abuztuaren 24an, domeka honetan: Pedro Romero Vargasek, Ivo Cortes Monterok eta Bernando garcia Huidobrok Trio Philomene saioa aurkeztuko dute. Iluntzeko 20:00etan egingo dute, Gorlizko Elizan. 

Pedro Romero Vargas, Sevillako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan biolinean eta biolan lizentziatua, ohorezko aipamenakaz bi espezialitateetan. Sevillako Kontserbatorioan Bakarlarien Lehiaketako 1go saria bi aldiz irabazi du (2010 Biolina, 2011 Biola). Lehenengo saria "Oviedo Joven" Ganbera Musikaren Nazioarteko II. Lehiaketan (2011). Orkestra-esperientzia: Orchestre National de France, Orchestre Philharmonique de Radio France, Lyon National Opera Orchestra, Sevillako Real Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Real Filharmonia eta European Union Chamber Orchestra. Sevillako Filarmonia Elkarteko presidentea eta sortzailea izan zen (2013). Nazioarteko jaialdiak eta ikastaroak Kolonbian, Indian, Malaysian, Aljerian, Boli Kostan, Frantzian, Espainian.​

Ivo Cortes Monterok Sevillako Kontserbatorioan hasi zuen bere musika ibilbidea, kalifikazio gorenak eta Erdi Mailako Ohorezko Saria lortuz. Ganbera-musikako nahiz instrumentuko hainbat ikastaro egin zituen. Londresera joan eta han graduondoko ikasketak egin zituen. Colin Car eta Robert Cohenen klase magistralak jaso zituen eta ganbera-musikan Alberni laukoteko kideakaz eta bereziki, Siegmund Nissel Amadeus laukoteko biolin-jotzaileagaz Royal Academy of Music-en. Nabarmentzekoa da "Royal Academy Sinfonia" orkestran biolontxelo bakarlari gisa egindako lana. Orkestra horregaz birak egiten ditu Txinan, Japonian eta EEBBan. Andaluziako Gazte Orkestrako eta Europako Erkidegoko Gazte Orkestrako kide izan da, eta profesional gisa, Sevillako Real Orkestra Sinfonikoan, eta hainbat urtez, Cadizeko Manuel de Falla Orkestrako biolontxelo bakarlaria. Palermoko Ganbera Musikaren Nazioarteko Lehiaketan bigarren saria lortu zuen. Bira ugari egin ditu Espainian, Frantzian, Italian eta Kolonbian. Munduko musiketan sartua, hala nola Kolonbiako musika tradizionalean, flamenkoan, Brasilgo musikan eta Argentinako tangoan. Sevillan “Cristobal de Morales” zentroan biolontxelo klaseak ematen ditu irakasle bezala bertan.​

Bernardo Garcia Huidobro Santiagon jaio zen, Txilen. Bertako Unibertsitateko Kontserbatorioan hasi zituen musika-ikasketak eta Txileko Unibertsitate Katolikoko Musika Institutuan jarraitu zituen. Gitarra ikasketak egin zituen Arturo Gonzalez eta Oscar Ohlsenagaz eta harmonia eta analisi irakasle Carlos Botto izan zuen. 1974an Espainiara iritsi zen Kanpo Arazoetako Ministerioaren beka bati esker eta han Regino Sainz de la Maza, Ricardo Fernandez Iznahola, Domingo Carvajal eta Carmelo Martinezekgaz ikasi zuen. Granadako Nazioarteko Ikastaroetara joan zen eta musika aztertzeko ikasketak garatu zituen Aristides Carraregaz. Madrilgo Erkidegoko Ferrazeko Kontserbatorioan irakasle, Collado Villalbako Udal Musika Eskolako zuzendari eta irakasle eta San Lorenzo de El Escorialeko Aita Antonio Soler Musika Eskolako irakasle izan da. Sociedad Estatal Quinto Centenario elkarteko kolaboratzailea izan da eta gaur egun interpretazioan lan egiten du modu esklusiboan. Txile, Brasil, EEBB, Alemania, Suitza eta Espainiako hainbat hiritan, errezitaldietan eta orkestragaz egindako aurkezpenak barne, baita ganbera-taldeetako kide ere. Radio Nacional de España eta TVErako grabatu du.​

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun