Ludoteka ordutegia luzatu eta txikigune zerbitzua sortu du Gorlizko Udalak

Nahia Martinez Gondra 2025ko ira. 11a, 09:52

Umeak jolasean © FREEPIK

Herritarren beharrak aztertu eta familia-kontziliazioan antzemandako gabeziak kontuan hartuta, Gorlizko Udalak hobekuntzak egin ditu ludoteka zerbitzuan eta, gainera, txikigune izeneko zerbitzu berria sortu du. Bi zerbitzuek irailaren 22an irekiko dituzte ateak.

Gune berria 0 eta 3 urte bitarteko haurren familiei zuzenduta dago eta adin txikiko haurren jolas eta garapenerako eremu egokitua eskaintzea du helburu. Heldu-laguntzaileak hartzen du adingabearen ardura, baina leku estali bat du, material didaktiko eta seguruakaz hornitua, jolas-denboraz gozatzeko.

Txikiguneak lekua partekatuko du ludotekagaz, baina eremu bereizi batean. Astelehenetik eguenera irekiko da, bai goizez (10:00etatik 13:00etara), bai arrastiz (16:15etik 20:15era). Horrela, adin desberdineko seme-alabak dituztenek ludoteka eta txikigune zerbitzuak konbinatu ahal izango dituzte.

Beste berrikuntza nagusietako bat ludoteka ordutegiaren luzatzea da. Horrela, zabalik egongo da astelehenetik eguenera 16:15etik 20:15era. Kokalekuak berdina izaten jarraituko du, baina leku guztiz berritua eta material ludiko-didaktiko berriagaz. Gaztelekuak, bere aldetik, irailaren 26an irekiko ditu ateak eta lekuz aldatuko da (Eloisa Artaza 3)​, adinaren beharretara egokitutako leku bat eskainiz. Gainera, ordutegia gazteen eskari errealera moldatuko da: bariku, zapatu eta domeketan, 17:30etik 20:30era.

Ekimen horien helburua ez da bakarrik kontziliazioa hobetzea eta etapa bakoitzari egokitutako baliabideak eskaintzea, izan ere, udalerriak kalitatezko eta euskarazko aisialdi hezitzailearekin duen konpromisoa indartzen dute.​​​​

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun