Gorlizko Herri Krosa urriaren 5ean itzuliko da, 3 urteko etenaren ostean

Nahia Martinez Gondra 2025ko ira. 17a, 13:00

Parte hartzaile guztiek 300 eurotan baloratutako QLED telebista baten zozketan parte hartuko dute automatikoki.

Urriaren 5ean, domekan, Gorlizko Herri Krosaren hirugarren lasterketa ospatuko da, 2022. urtetik ospatzen ez dena. Proba Gorlizko Udalak antolatzen du, Buscametas enpresagaz batera, eta Gorliz Bizirik, Guedan eta Goskoa merkatari-elkartearen laguntzagaz. Goizeko 10:00etatik aurrera, herriko kaleetan ehunka korrikalari bilduko dira ibilbideaz gozatzeko prest. Interesdunek hemengo webgunean izen-eman dezakete. 

Lasterketa hiri izaerako ibilbide misto batetik igaroko da, Gorlizko erdigunea zein Urezarantza auzoa zeharkatuz. Irteera Eliza plazan izango da (Itsasbide, 9) 10:00etan, parte hartzaileen adinera eta gaitasunera egokitutako proba ezberdinakaz.

Interesdunek hemengo webgunean izen-eman dezakete. Urriaren 4a baino lehen izena ematen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta proba-egunean standean izen ematen dutenek, berriz, 15 euro. Dortsalaren eta oroigarri gisako kamisetaren banaketa lasterketa-egunean burutuko da, irteera gunean, 09:30etik 10:30era, edo aldez aurretik kiroldegian urriaren 3an (17:00-21:00) eta 4an (10:00-13:00).

Lasterketan, runninga gustuko duen edonork parte har dezake, bai federatuek bai federatu gabeek. Gainera, parte hartzaile guztiek 300 eurotan baloratutako QLED telebista baten zozketan parte hartuko dute automatikoki. Zozketa lasterketa amaieran burutuko da sari banaketarekin batera.

Kategoriak eta sariak

Lasterketa herrikoia denez, ez da diru-saririk banatuko. Hala ere, Gazteak, Juniorrak, Seniorrak eta beteranoak kategorietan, domina emango zaie lehen hiru sailkatuei eta irabazleari txapela.

Txupeteak (2017 eta ondorengoak)

  • Irteera: 10:30
  • Distantzia: 480 m (A zirkuituari 1 itzuli)

Benjaminak (2015 eta 2016)

  • Irteera: 10:40
  • Distantzia: 480 m (A zirkuituari 1 itzuli)

Alebinak (2013 eta 2014)

  • Irteera: 10:50
  • Distantzia: 920 m (A zirkuituari 2 itzuli)

Infantilak (2011 eta 2012)

  • Irteera: 11:00
  • Distantzia: 1.400 m (A zirkuituari 3 itzuli)

Gazteak, Juniorrak, Seniorrak eta beteranoak

  • Irteera: 11:30
  • Distantzia:
    • Kategoria egokitua: 5.000 m (B zirkuituari 1 itzuli)
    • Gaitasun osokoak: 10.000 m (B zirkuituari 2 itzuli)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun