Dastatu Urria 2025: perretxikoak, gastronomia, musika eta artisau garagardoa Gorlizen

Ander Zarraga 2025ko urr. 7a, 17:23

Besteak beste, mikologia jardunaldiak egingo dituzte egun horietan. © VISIT GORLIZ

Urriaren 24tik 26ra, Gorlizko Ibarreta Plazak gastronomia eta festa giroa uztartuko ditu, Mikologia Jardunaldiak, artisau-garagardoen azoka eta zuzeneko kontzertuak barne. 

Gorlizek udazkenari ongietorria emango dio Dastatu Urria ekimen gastronomiko eta kulturalagaz. Urriaren 24tik 26ra, Ibarreta Plazak perretxikoen zaporea, artisau-garagardo onenak eta zuzeneko musika batuko ditu aste-akabuan zehar. Udalak azpimarratu duenez, ekitaldiaren helburua da gastronomia, tokiko produktuak eta parte-hartzea sustatzea da, familia, lagun eta bisitari guztientzat esperientzia paregabea eskainiz.

Aurtengo egitarauan, XXII. Mikologia Jardunaldiak ere ospatuko dituzte, irteera gidatuakaz, erakusketakaz eta showcooking mikologikoakaz. Gainera, pintxo mikologikoen-lehiaketa eta argazki-lehiaketa bereziak ere izango dira. Euskadiko Artisau Garagardoen Azokak Tito Blas Brewing Co. eta Higer Hondarribia garagardoak dastatzeko aukera eskainiko du, bai eta Komilón food truck-aren eskaintza gastronomikoaz gozatzeko aukera ere.

Eskaintza osatzeko, garagardo eta gazta dastaketa, tailerrak eta musika emanaldiak izango dira, besteak beste, Locken, Calentando la Banda eta DJ Pipi Galtzaluze.

"Urtero jende asko hurbiltzen da giroaz, pintxoez eta garagardoez gozatzera, eta horrek bizitza eta alaitasuna ematen dio udalerriari. Gastronomia giroaz gain, programak musika, tailerrak eta jarduerak eskaintzen ditu publiko guztientzat. Espiritu parte-hartzaile horri eutsi nahi diogu, hain zuzen ere: guztiontzat sorturiko topaketa izaten jarrai dezala”, adierazi du Ekaitz Pau alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun