Bizkaiko Foru Aldundiak Gorlizko Udala saritu du, Igeribideak proiektuan izan duen inplikazio eta lankidetzagatik. Ekitaldia Santurtzin ospatu zuten; programaren balantzea egin zuten, eta jakinarazi zuten Gorliz izan zela horretan izen-emate gehien lortu dituen udalerria: 85 parte-hartzaile.
Guztira, Bizkaiko bost udalerrik parte hartu dute proiektuan: Ondarroak (17 parte-hartzaile), Lekeitiok (50), Mundakak (50), Getxok (54) eta Gorlizek (85).
Gorlizen emaitza ona hondartzaren baldintza onei eta Udalak programa horren sustapenean egindako lanari zor zaiela nabarmendu zuten, eta Gorlizko Turismo Bulegoko zuzendariak, Nerea Goirik, eta Kirol zinegotziak, Joseba Santamariak, jaso zuten aitortza Gorlizko Udalaren izenean.
Igeribideak Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da, eta aire zabaleko kirola eta itsasoaren gozamena segurtasunez sustatzea du helburu. Horretarako, Igerigune izeneko guneak ezartzen dira, igeri egiteko gune seguruak, Bizkaiko kostalde osoan zehar.