Gau Baltzak izuaren lehen pasartea estreinatuko du urriaren 31n Gorlizen

Erredakzioa 2025ko urr. 10a, 12:06

Aurreko edizioko argazki bat. © GORLIZKO UDALA

Urriaren 31n, Gorliz iluntasunean murgilduko da Gau Baltzaren ospakizunean. Arrastiko 16:45etik aurrera, sorginek eta arima galduek Ibarreta plaza hartuko dute beste urte batez. Adin guztietara zuzendutako egitarauak, gainera, berrikuntzez gainezka dator, besteak beste, beldurrezko pasarte baten estreinaldia.

Programari hasiera emateko, haurrentzako tailerrak egongo dira familia artean gozatzeko, hala nola Gau Baltza loreontzi txikien tailerra eta giltzatako pertsonalizatuak eta edalontzi magikoak egiteko ikastaroak. Arrastian, aldiz, Attitude Dantza Eskolak dantza erakustaldia eskainiko du.

Denboraldiko zaporeak presente egongo dira, besteak beste, gaztaina erreak, Dastatu Urriko pintxo mikologikoen lehiaketako sari-banaketa eta saski gastronomikoaren zozketa.

Ilunabarraren ostean, Aratz Dantza Taldearen eskutik, Aker eta sorginen dantza eta arima galduak ikuskizunak amaiera emango dio magiaz eta misterioz beteriko arrastiari. 

Programazioa osatzeko, “Izuaren Kalabaza” ipuin-kontalaria, hankaluze bidezko animazioa eta Astoondo kuadrillaren Hanburgesa Solidarioa dastatzeko aukera egongo da. Aurten ere, bildutako dirua Fires Sindromea elkartera bideratuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun