Baserritar Eguna ospatzea, Guzurmendiko trafikoa antolatzea eta Itsasbide kalean bizikleta-erraila margotzea aukeratu dituzte gorliztarrek

Ander Zarraga 2025ko urr. 13a, 15:38

Aurten, gorliztarrek 13 proposamen aurkeztu dituzte Aurrekontu Parte-hartzaileetarako.

Gorlizko herritarrek hitz egin dute, eta udalerriak 2026an zehar abiatuko dituen hiru proiektu aukeratu dituzte Aurrekontu Parte-hartzaileen laugarren edizioan. Prozesu horren bidez, gorliztarrek udal-aurrekontuaren zati baten erabilera zuzenean erabakitzeko aukera izan dute, eta aurtengoan, mugikortasun iraunkorrak eta herri-izaerak lortu dute babes handiena.

Guztira aurkeztutako 13 proposamenetatik, hiru hauek izan dira irabazleak eta, beraz, 2026an zehar Udalak gauzatuko dituenak: batetik, Guzurmendi auzoko trafikoa berrantolatzeko azterlana, mugikortasuna eta, batez ere, bide-segurtasuna hobetuko dituena; bestetik, bizikleta-erreia Itsasbide kalean motorrik gabeko joan-etorriak sustatzek; eta, azkenik, Baserritar Eguna, euskara eta euskal kultura sustatzeko jai-egun bat sortzea, herritarren arteko harremanak eta parte-hartzea indartuz.

Udalak 50.000 euroko inbertsioa egingo du hiru proiektu horiek errealitate bihurtzeko, herritarren erabakitzeko ahalmenagaz eta "eraikuntza kolektiboagaz duen konpromisoa" berretsiz.

Aurtengo edizioan, 23 eta 64 urte bitarteko bizilagunek parte hartu dute egitasmoan, generoaren araberako ordezkaritza orekatuagaz (% 56 emakumeak eta % 44 gizonak).

Udaleko iturriek azpimarratu dutenez, 2023an lehen aldiz abiatu zenetik, partaidetza-prozesu hau funtsezko tresna gisa finkatu da herritarrak udal-kudeaketan inplikatzeko eta, denen artean, Gorliz jasangarriago, kohesionatuago eta parte-hartzaileago bat eraikitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun