Gorlizko liburutegiaren eraikina erabat zaharberrituko dute hurrengo urtean

Ander Zarraga 2025ko urr. 21a, 10:46

Gorlizko udal-liburutegiak itxura berria ez ezik, irisgarria ere izango da herritar guztientzako. © GORLIZKO UDALA

Gorlizko Udalak herritarren zerbitzura egongo den udal-liburutegi berriaren proiektua aurkeztu du. Azaldu dutenez, egungo kultur etxe zaharra izango da berrikuntzaren ardatza, gune moderno, funtzional eta guztiz irisgarri bihurtuko dutena. Lanak 2026aren hasieran hasiko dituzte, eta helburua herritarrei eta bisitariei irakurtzeko, ikasteko eta kultur jarduerak garatzeko azpiegitura egokia eskaintzea omen da.

Proiektuak eraikinaren barne-eraberritze osoa planteatzen du, banaketa, akaberak eta altzariak barne, jatorrizko egitura errespetatuz eta hiru solairuak erabilera bereizietara egokituz. Gaineratu dutenez, eraldaketa hori da, halaber, Kultura Saila Udaletxeko eraikinera lekualdatu izanaren arrazoia, eta bertan jarraituko du zerbitzua normaltasunez eskaintzen.

Proiektuaren ardatz nagusietako bat irisgarritasuna izango dela azpimarratu dute udal-iturriek; izan ere, liburutegiak irisgarritasun unibertsaleko estandarrak betetzeko helburua ezarri dute, eta lehen aldiz komun eta ibilbide egokituak izango ditu, aniztasun funtzionala duten pertsonei sarbide osoa bermatzeko.

Beheko solairuan ikasteko eta lanerako gunea sortuko dute, urteko 365 egunetan erabilgarria izango dena, sarbide independente bati esker. Lehenengo solairuan, aldiz, umeentzako eta familientzako eremua egokituko da, irakurketa eta jolas txokoakaz, baita formatu txikiko jarduerak eta tailerrak egiteko gune malgu bategaz ere. Azkenik, bigarren solairuan, irakurketarako eta ikasketarako areto isilak kokatuko dituzte.

Gorlizko Udaleko iturrien arabera, "liburutegi berriak udalerriko kultura bizitza indartuko du, irakurketa, ikasketa eta topagune gisa sendotuz". Proiektuak, gainera, udal kultur ekipamenduen modernizazioa bultzatuko du, eta herriaren kultur nortasunaren eta bizi-kalitatearen aldeko urrats garrantzitsua izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun