Osakidetzak Gorlizko Ospitaleko errehabilitazio-obrei ekin die, 5 milioi eurotik gorako inbertsioagaz

Ander Zarraga 2025ko urr. 31a, 16:53

Osakidetzako ordezkariak eta Gorlizko Ospitaleko langileak egon dira gaur egin duten bisitan. © OSAKIDETZA

Obrek hirugarren solairuko Ospitalizazio Unitatea eta eraikinaren estalkia eraberritzea aurreikusten dute, eta ospitaleko egitura modernizatzea eta arreta humanizatuago baterantz urratsa egitea dute helburu.

Gaur goizean, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia Gorlizko Ospitalean izan dira, Txus Romon gerente berriagaz eta zerbitzuburugaz batera. Bisita hau Osasun Sailak abian jarritako "entzute aktiboko prozesuaren" barruan kokatzen da, osasun-profesionalakaz harremana estutzeko eta arreta hobetzeko proposamenak jasotzeko asmoz.

Birgaitze-lanei esker, egungo lau oheko gelak ezabatu eta zortzi gela indibidual eta zortzi gela bikoitz izango dira, pazienteei intimitate eta erosotasun handiagoa eskaintzeko. Era berean, asistentzia eta biltegiratze gune berriak sortuko dira.  Lanek 1.041 metro koadroko azalera hartuko dute eta 2026ko udaberrian hasiko dira, 18 hilabeteko epean gauzatzeko aurreikuspenagaz.

Osasun Sailak adierazi duenez, proiektu hau "Gorlizko Ospitalea arretaren humanizaziora egokitzeko urrats handia" da, eta Bizkaian eskaintzen den osasun-arreta kalitatezkoa, hurbila eta irisgarria izaten jarraitzeko konpromisoaren parte da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun