Gorlizko Udalak 619.000 eurotik gora inbertituko ditu 14 gunetako asfaltatzea eta bide-segurtasuna hobetzeko

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 22a

Gorlizko errepideak zaharberritzeko eta egokitzeko lanak 2026. urtean zehar egingo dituztela iragarri du Udalak. © GORLIZKO UDALA

Gorlizko Udalak herriko bide-sarea berritzeko iragarri 2026. urterako, eta guztira 619.213 euro bideratuko ditu udalerriko 14 puntutan asfaltatze-lanak eta bide-segurtasuna hobetzeko. Lanak Firmes Alaveses S.A. enpresari esleitu dizkio, eta datozen hilabeteetan gauzatuko dira herriguneko zein auzoetako mugikortasun-baldintzak nabarmen hobetzeko helburuagaz.

 

Inbertsio garrantzitsu honen bidez, udalerriko hainbat kaleren egoera kaxkarra konpondu gura du Udalak, bai hirigunean, bai inguruko eremuetan. Ekaitz Pau alkateak azaldu duenez, "gorliztarren eta bisitarien eguneroko bizitza errazteko pentsatutako esku-hartzea da, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuz eta higadura handia duten kaleetan eraginez".

Proiektuak biltzen dituen jardueren artean, bideak asfaltatzeaz gain, bigunguneak konponduko dituzte eta abiadura-murriztaileak jarriko dira ibilgailuen joan-etorria lasaitzeko. Horregaz batera, kutxatilak doitu, seinaleztapena berritu eta espaloiak beheratuko dituzte, mugikortasun urriko pertsonentzat irisgarritasun egokia bermatzeko.

Udal-zerbitzu teknikoek egindako diagnostiko bati erantzuten diote lanok, bideen egoera pixkanaka eta era integralean hobetzeko asmoz. Obrak udalerriko hainbat txokotan egingo dituzte. Besteak beste, Fano Bidea, Itsasbide, Krutzeta, Mungiabidea, Artebiondo eta Urezarantzabidea kaleetan arituko dira makinak datozen asteetan. Lan horiek guztiak 2026. urtean zehar burutzea aurreikusi du Udalak, herriko bide-sarean segurtasun handiagoa eta erosotasuna lortzeko asmoz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun