Gorliz bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko bidea urratu du Udalak, etxebizitza eskuratzeko zailtasunari aurre egiteko helburuagaz

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 20a

Gorlizko Udalak prozesu parte-hartzaile bat abiatu du etxebizitzaren arazoari irtenbide bat bilatzeko.

Gorlizko Udalak etxebizitzaren inguruko diagnostikoa eta justifikazio-memoria osatu ditu, udalerria bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko prozeduraren barruan. Behin hori jendartean aurkeztuta, parte-hartze prozesu bat ireki du, planaren zirriborroa "guztion artean aberasteko eta hobetzeko" helburuagaz.

Gorlizek bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatua izateko legezko baldintza guztiak betetzen dituela ondorioztatu du udalak landu berri duen diagnostiko eta justifikazio-memoriak. Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 Legeak zehaztutako irizpideak aztertuta, udalerri osoan etxebizitza eskuratzeko dagoen zailtasuna datu objektiboen bidez arrazoitu du txostenak. Izendapen hau lortzeak tresna berriak emango lizkioke udalari datozen hiru urteetan etxebizitza merkatuko desorekak zuzentzeko ekintza plan zehatz baten bidez.

Eskatutako izendapena babesten duen arrazoi nagusietako bat herritarrek etxebizitza ordaintzeko egin behar duten ahalegin ekonomiko handia da. Diagnostikoaren arabera, Gorlizko familiek euren diru-sarrera garbien % 30 baino gehiago bideratzen dute etxebizitzaren kostuetara (alokairua edo hipoteka) eta oinarrizko hornigaietara (ura, argindarra, gasa eta telekomunikazioak), legeak ezarritako muga gaindituz. Gainera, azken bost urteetan etxebizitzaren prezioak —erosketan zein alokairuan— izandako hazkundea KPIaren igoera baino hiru puntu altuagoa izan da gutxienez.

Etxebizitzak hutsik

Udalerriko etxebizitza parkearen azterketak ere egoera berezia islatzen du. Gaur egun 4.614 etxebizitzak osatzen dute herria, baina horietatik erdiak pasatxo (% 54,2) dira etxebizitza nagusiak; gainontzekoak bigarren etxebizitzak, pisu turistikoak edo hutsik daudenak dira. Erabilera-maila apal honek, bereziki hondartzatik gertu dauden eremuetan, presio handia eragiten du eskaintzan. Izan ere, Gorlizko etxebizitza ez-nagusien tasa (% 4 5,8) Bizkaiko eta EAEko batez bestekoen oso gainetik dago.

Etxebideko datuek ere babesten dute etxebizitza beharra: 2025eko uztailean 336 eskaera zeuden aktibo, eta horietatik %58 alokairurako ziren. Eskatzaile gehienak kide bakarrekoak dira, eta profil sozioekonomikoari dagokionez, errenta maila baxuko zein ertain-altuko pertsonek dituzte zailtasunak herrian bizitzeko. Egoera honek zuzeneko eragina du gazteen emantzipazioan, 18 eta 34 urte bitarteko gorliztarren tasa inguruko lurraldeetan baino nabarmen apalagoa baita.

Datozen urteetarako aurreikuspenak ere ez dira hobeak joera aldatzen ez bada. Prospektibak dioenez, hamabost urte barru bizikidetza-unitateen kopurua % 2,4 haziko da, baina unitate horiek txikiagoak izango dira eta herria zahartu egingo da. Horrek esan gura du gaur egungo etxebizitza parkeak duen presioa bere horretan mantenduko dela, eta are etxebizitza gehiago beharko direla biztanle kopuru bera hartzeko. Testuinguru honetan, tentsio eremu izendapena funtsezko urratsa dela uste du udalak etxebizitza politika eraginkorragoak abiatzeko.

Herritarren ekarpenak

Udalak azaldu du aurkezpenaren ostean, parte-hartze prozesu bat ireki dela, planaren zirriborroa "guztion artean aberasteko eta hobetzeko" helburuagaz. Horretarako, diagnostikoaren informazioa udal webgunean jarri dute eskuragarri, eta herritarrei inkesta bat betetzeko deia egin diete.

Parte-hartze kanal nagusietako bat iParticipo izango da, Udalak martxan jarri duen aplikazio berria. Tresna horren bidez, Gorlizko herritarrek udal-gaiei buruzko inkestetan, kontsultetan eta prozesu parte-hartzaileetan parte hartu ahal izango dute; helburua da, batetik, "gorliztarren iritzia ezagutzea" eta, bestetik, proposamen jakinen inguruan "bozkatzeko eta erabakitzeko aukera" ematea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun