Sedentarismoak EAEko hiru heldutatik bati eragiten dio, eta bereziki kezkagarria da 18-29 urte bitartekoen eta 85 urtetik gorakoen datua, % 60tik gorakoa baita azken horien artean. Egoera horri buelta emateko, bi esku-hartze nagusi egingo dituela iragarri du Gorlizko Udalak, uda baino lehen amaituta egotea aurreikusten direnak.
Batetik, Argiñena kalean kokatuko duten kirol anitzeko kantxa egongo da. Obra hau Urdabil 2000 S.L. enpresari esleitu diote 52.797,14 euroko aurrekontuagaz. Azaldu dutenez, instalazio berri honek saskibaloian eta pilotan jolasteko guneak izango ditu, herrigunean zegoen eskari handiari erantzuteko asmoa izango du.
Segurtasuna eta bizikidetza bermatzeko, kantxak soropil artifiziala izango duela iragarri dute, eta, besteak beste, zarata leuntzeko eta erorketak arintzeko, eta babes-hesi bat ere izango ditu. Gaur egun, bertan dagoen haur-parke zaharkitua lekualdatu eta berrituko dutela ere iragarri du Udalak.
Bestetik, helburu bikoitza izango duen kalistenia gune bat jarriko dute aparatu biosasungarriak ere izango dituena. Hau ere Urdabil 2000 S.L. enpresari esleitu zaio, 48.333,40 euroko irteerako aurrekontuagaz. Proiektu honetarako erabilera zehatzik gabeko berdegune bat eraldatuko dutela adierazi dute.
Kalistenia gunea batez ere nerabe eta gazte helduei bideratuta egongo dela adierazi dute, eta zirkuitu espezifiko bat eta hiru barra-elementu paralelo hartuko ditu. Gune biosasungarria aldiz, batez ere helduei eta adinekoei zuzendua egongo da, eta bost aparatuz osatua egongo da: bizikleta eliptikoa, bizikleta estatikoa, pedalak, muskulu abdominalak eta lunbarrak lantzeko indar-bolantea, eta paseatzeko makina. Multzo osoak, gainera, azalpen-kartel bat izango du, erabilera zuzena eta segurua errazteko.
Udalak azpimarratu duenez, jarduera horiekaz, eremu publiko berriak gehitu gura dituzte udalerrian, bizi-ohitura aktiboagoak eta osasungarriagoak sustatzera bideratuak, instalazio irisgarriak eta adin desberdinetara egokituak dituztenak.